«Gutxiago kontsumitzea izan daiteke aukera ederra hobeto bizi eta ingurua zaintzeko»

Kronika - Erredakzioa 2008ko aza. 5a, 01:00

Nondik nora iritsi zara kontsumoaren inguruan gogoeta egitera? Nondik nora idatzi duzu liburua?
Mugimendu sozialetan ibili izan naiz. Sumendi elkartearekin ere ibili nintzen, autogestioa eta osasunaren inguruan lan egiten duen elkartean. Ekoherri batean ere bizi izan naiz. Azken finean, bizitzak eraman nau liburua idaztera: kontsumoak gero eta garrantzi haundiagoa du eta gaia gero eta gehiago gustatzen zait, eta gero eta gehiago amorratzen nau. Gainera urteen poderioz informazio praktikoa eta ederra nuela konturatu nintzen, eta pentsatu nuen pena zela hor geratzea informazio hori, konpartitu gabe.


Esan genezake gaur egun bizi dugun kontsumo eredua, zuk proposatzen duzunaren kontrakoa dela... Ahalegin haundia dela uste al duzu, ohitura horiek aldatzea?
Gaur egungo kontsumo ereduak, jasanezina izateaz gain, ez gaitu zoriontsu egiten, zoriontsuago sentiarazten. Gutxiagorekin bizitzea izan daiteke aukera eder bat, hobeto bizitzeko eta bide batez ingurumena eta pertsonak zaintzeko.


Liburuaren ezaugarrietako bat da, gaia alde teorikotik landu beharrean oso adibide praktikoak azaltzen direla...
Uste dut informazio gehiegi dugula, badakigu duela urte askotatik, adibidez, jendea munduan gosez hiltzen ari dela, egunero dago telebistan. Informazio guzti honek gero eta gehiago insensibleago egiten gaitu, ez gaitu mobilizatzen. Aldaketa motibatzeko, ikusi behar dugu gure bizitza hobetu eta aldatu dezakegula. Beste alde batetik, hizkuntza amenoa erabiltzen saiatu naiz liburuan, prozesu guzti honek plazerrez beteta egon behar duelako, bestela erre egingo gaitu. Erabilitako hizkuntza gozatzeko eta noizbehinka barre egiteko da, ez sufritzeko.


Gure herrira ekar dezagun liburua. Har dezagun gure herrian dagoen arazo bat, esaterako, jendea gero eta gehiago kexatzen da aparkatzeko lekurik ez duelako aurkitzen. Honen aurrean zer proposatuko zenuke?
Arazo honek, ia guztiak bezala, bi alde ditu. Alde batetik, arazo politikoa da, eta beste aldetik, gauza pertsonala. Alde politikotik aldarrikatu beharko genituzke garraio publiko hobeak, maiztasun haundiagoa dutenak eta abar. Badaude esperientzia oso interesgarriak, kotxe multiusuarioaren inguruan; ingelesez carsharing deitzen zaio. Europan milaka erabiltzaile ditu. Azken finean flota publiko bat litzateke, bazkide egin behar duzu eta urtero kuota txiki bat ordainduta, behar duzunean behar duzun kotxea erabiltzen duzu. Diru pila bat aurrezten duzu eta askoz ere kotxe gutxiago dabiltza kalean. Hau aldarrikapen polita izan daiteke. Beste aldarrikapen bat izan daiteke enpresetan mobilidade planak egitea. Enpresak berak jartzea garraioa edo langileak koordinatzea kotxea konpartitu dezaten. Badaude web orri interesgarri batzuk: www.compartir.org eta www.euskocarsharing.com esate baterako. Alderdi pertsonaletik, bizikletan ibiltzea, oinez ibiltzea eta garraio publikoa erabiltzearen alde egin behar genuke. Beste alternatiba bat da bizi garen lekuan bizitzen saiatzea.


Liburua etengabe berritzen dijoa, eta interneten ere aurki daiteke, ezta?
Zorionez beti ateratzen ari dira iniziatiba berriak, kontsumo talde berriak, enpresa eta ekoizle ekologiko berriak... Alde horretatik pozik egoteko motiboak ditugu, iniziatiba pertsonal eta sozialak badaude. Iniziatiba instituzionalak ere badaude, baina esan nahi nuke halako ekimenak beren agendetan badaudela, baina ez beren bihotzetan. Ekarpen berri horiek eta liburua bera deskargatu daiteke www.nodo50.org/consumirmenosvivirmejor/ web orrian.

Nola planteatu duzu gaurko Ereñotzuko hitzaldia?
Beti hasten naiz galderak egiten. Zeintzuk dira, egunero bide honetan, dituzuen zailtasunak eta zalantzak? Eroso sentitzen al zarete gauzak egiteko moduarekin? Gero, azken ordu erdian, ba aportazioak egiten saiatzen naiz eta jendeak ere egin ditzake. Garrantzitsua jendea elkarrekin harremanetan jartzea da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!