Xabier Aizpurua eta Jordi Tarrúsen kontzertua gaur

Kronika - Erredakzioa 2008ko aza. 4a, 01:00

GAUR  Xabier Aizpurua hernaniarrak, Jordi Tarrús kataluniarra lagun, Musika Usain emanaldia eskainiko du. Hernaniarra pianoan ariko da eta Jordi Tarrús berriz, flautarekin. 2002az geroztik elkarrekin ari dira ganbara musika lantzen; Musika Usain dute orain eskuartean eta J.S. Bachen, F Schubert-en eta S. Prokofiev-en piezak eskainiko dituzte. Hernani Musika Eskolak antolatu du kontzertua, Udal Hezkuntza Batzordearen laguntzarekin, eta gaur izango da, arratsaldeko 19:30etan, Biteri kultur etxean.

Xabier Aizpuruaren i bilbide musikala
Xabier Aizpurua Hernanin jaio zen 1976an eta sei urterekin musika, akordeoi eta piano ikasketak hasi zituen Manuel Yaben eta Maite Sáezekin. Ondoren, Hernani Udal Musika Eskolan jarraitu zituen piano eta musika ikasketak Montserrat Auzmendirekin. Ondoren, Donostiako kontserbatorioan jarraitu zuen eta Bartzelonara joan zen ikasketak jarraitzera. Londresen ere ibilia da. Hainbat sari jasoak ditu, besteak beste, Donostia eta Gernikan.

Jordi Tarrúsekin 2002az gero
Xabier Aizpuruak ganbara musikako hainbat kontzertu eman ditu Gipuzkoa, Katalunia eta Londresen, musikari ezberdinak lagun. 2002an hasi zen Jordi Tarrúsekin ganbara musika lantzen eta geroztik elkarrekin dabiltza. Jordi Tarrús ere ibilbide luzea egina da musika munduan baina flautarekin. Bartzelonan jaioa, munduan barrena ibilia da musika ikasten eta jotzen. Gaur egun bere jaioterrian dute lanerako topagunea berak eta Xabier Aizpuruak.

Bach, Schubert eta Prokofiev-en piezak
Musika Usain ganbara musika lantzeko proietua da. Gaur J.S. Bache-n, F. Schubert-en eta S. Prokofiev-en lanak entzuteko aukera izango da Biterin, flauta eta pianoarekin joak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!