ATZO udaletxean ordezkaritza duten alderdi guztietako kideak bildu ziren prentsaurrean, Udala martxan jartzen ari den kanpaina bati beren atxikimendua adierazteko. Topagune Berdea iragartzea zen helburua, ingurumenarekin lotura duten gaiak aztertzeko eta erabakiak hartzeko gunea, hain zuzen. Proiektuaren ardatza herritarren parte hartzea izanik, Udalak deialdi zabala egin nahi izan zuen. Lehenengo bilera larunbatean izango da, goizeko 10:00etan, Biteri kultur etxean.
Hiru bilera
Hasiera batean topaguneak hiru saio izango ditu. Lehenengoa larunbatean, azaroak 8, izango da hain zuzen, Biteri kultur etxean. Bertan prozesua aurkeztuko da, eta herri mailan aztertu beharreko gaiak adostuko dira. Bigarren saioa berriz, abenduan izango da eta herriko mugikortasuna (garraiobide publikoak, oinezkoak, kotxeak...) eta hondakinen gaia aztertuko dituzte. Gainera, etorkizunean landu nahi dena ere zehazten hasiko dira. Printzipioz azkeneko saioa urtarrilean izango da eta bertan egindako lana baloratu eta aurrera begira topagunearen zereginak zehaztuko dira.
Izen ematea
Topagune Berdean parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar da. Hiru modutara eman daiteke izena: Uda-laren www.hernani.net web orrian, 943 575 431 telefono zenbakira deituta edo Udaletxeko harreran bertan, honako ordutegian: 09:00etatik-13:00etara eta 15:00etatik-20:00etara. Hileko lehen eta hirugarren larunbat goizetan berriz 10:00etatik 13:00etara. Larunbatean inor izena eman gabe izan arren, bertara joan daiteke, baina antolatzaileek izen ematearen garrantzia azpimarratu dute. Dagoeneko jendea hasia da izena ematen baina Udalak dei egin du parte hartzera ahalik eta ordezkaritza zabalena biltzeko; gainera izen ematearen helburua da parte hartzaileak zein hizkuntzatan aritzen diren jakitea, parte hartzaileen beharrak asetze aldera.
Topagune Berdea
Topagune Berdea Tokiko Agenda 21 egitasmoaren barruan kokatua dago. Egitasmo horren bidez, politiko eta gizarte eragile guztiek ingurugiroa eta pertsonak gehiago errespetatzen dituen garapen eredu baten alde lan egiteko beharra dagoela adostu zuten, eta baita herriz herri gaiaren inguruko bilerak egitea ere. Testuinguru honetan, Topagune Berdearekin 2005garren urtean egindako hainbat bileren jarraipena egitea pentsatu dute. Oraingoz hiru bilera egingo dituzte, ingurugiroarekin eta herritarren bizi kalitatearekin zer ikusia duten gaiak jorratzeko.
Larunbateko bilera
Printzipioz hiru bilera egingo dira; hortik aurrera, parte hartzaileek erabakiko dute aurrerantzean egin beharrekoa. Lehenengo bileraren helburua, batez ere, egitasmoa aurkeztea eta ideiak biltzea izango da. Aurrerago ingurugiroa, bizi kalitatea eta jasangarritasunarekin zerikusia duten bi gai aztertzea dute helburu: mugikortasuna eta hondakinak. Bilera dinamizatzen udaletik kanpoko enpresa bat ariko da, Elhuyar elkartea hain zuzen.