Hego Ameriketako 8 herri indigenetako arduradunek Iparragirre sagardotegian bazkaldu zuten larunbatean. Denak ere euren herrietan ardura haundiak dituztenak dira, eta kichwua, guarani eta gutxitutako beste hizkuntza eta kulturak indartzeko lanean ari dira. Euskal Herriko esperientziak ezagutzen ari dira egunotan, eta larunbatean Hernanira etorri zirenez, Kronikak aukera aprobetxatu zuen eurei buruz eta Garabide proiektuari buruz zerbait gehiago jakiteko.
Zer ikasi eta zer erakutsi
Hilabete inguru pasako dute Euskal Herrian herri indigenetako ordezkariek. Euskal hizkuntza eta kulturaren alde egindako lana ikusi dute, eta oso interesgarria iruditu zaie: «egiteko daukagun guztia ikusi dugu hemen, ideia asko hartu ditugu, bide interesgarriak ikusi ditugu».
Larunbatean, bazkarian tertulia ederrean aritu ziren hemengo ohiturei eta eurenei buruz. Zein antzekotasun dituzten, zein ezberdintasun... galtzen ari garen ohiturak zein diren, eta mantentzen ditugunak zein... familia ulertzeko eta bizitzeko modu zabala, Santu Guztien egunean han egiten dituzten festa giroko ospakizunak... eriotza nola bizi duten... Sagardotegia ere asko gustatu zitzaien, eta batez ere, «sortzen den komunikazio giroa. Sagardotegian bezala, konpartitzeko kultura zabaldu behar dugu, komunikatzekoa».
Herri indigenen ordezkariak
Guztira 8 dira etorri direnak: Leonel Cerruto (Cochabamba, Bolivia) kechwa, eta Sandra Caceres kichwa, biak ari dira Bolivian hiru unibertsitate berri sortzen, gobernuaren laguntzaz: aimaraz, guarani-eraz eta kechwa-eraz. Julio García (Guatemala) maia Kaqchikel, eta Catarina Pedro (Guatemala) maia K’anjobal, biak kulturarteko irakaskuntza elebidunaren barruan ari dira. Celeste Carilao, independentista mapuchea, Rigoberta Menchú elkarteko kidea. Maria Farinango (Ecuador), kulturarteko irakaskuntza elebidunaren barruan ari da. Bernardo Chango (Ecuador) Akademia Kichwako zuzendaria. Pedro Escurra (Paraguay), Ateneo de la lengua y cultura Guarani-ko kidea.
‘Garabide’, kooperaziorako esperientzia berri bat
Garabide proiektua hirugarren munduarekin kooperatzeko sortutako proiektua da, batez ere, hizkuntza, kultura eta hezkuntza mailan. Garabidek Euskal Herriko esperientzia konpartitu nahi du herri hauekin, eta herri indigenetako arduradunak ekartzen ditu hona, beka bidez lagunduta, hemengo esperientziak ezagutzera.
Hemen pasako duten hilabete inguruan ezagutuko dituzte hemengo esperientziak: hezkuntza proiektuak (ikastola, unibertsitatea), komunikabideak (Goiena, EITB, Argia, Berria...), administrazio mailako proiektuak (UEMA), lan mundukoak (EMUN), eta bestelakoak, Euskaltzaindia...