Erromatarrak, Etxolaberriko gure bizilagunak

Kronika - Erredakzioa 2008ko aza. 2a, 01:00

Zubi zahar bat bada Etxolaberriko errekan gora. Bi mila urte daramazki hor eta harrigarria dirudi nola, itxura mehar horrekin, naturak bizia barkatu dion. Zirkulu erdiko arku perfektu batek eta Arkeolanek egindako katalogazioak diote erromatarren garaikoa izan litekeela, bakarra Gipuzkoan. Altxor arkeologiko hau baina, basoak irentsi du berriz, garbiketa lanei egoskor. Egun, aurkitu gabeko Machu Picchu bat bezala ageri zaigu, zirraragarri eta misteriotsu.

Ugaldetxoko azken zokoan erromatarrak izan zirela pentsatzea, gutxienik harrigarria irudituko zaio oraindik askori. Baina hala izan zela pentsatzeko arrazoi asko dago. Etxolaberriko zubiaren egitura eta ezaugarriak batetik, eta antzinako meatze zuloz beteriko inguruak bestetik, hipotesi hori indartzen dute. Atzean geratu da erromatarrak mendialdean ez zirela izan esaten zuen uste hori. Ager-ean bezalatsu (lautada), saltus vasconum-ean (mendia) ere erromatarrek tratu komertzialak egiten zituzten bertakoekin, eta teknika eta bizimodu ezberdina ekarri zuten gurera. Zer dira, bestela, Irungo Oiasson eta Arditurrin egindako aurkikuntza paregabeak? Etxolaberrikoaren anaiak. Euskaldunek erromatarrekin izandako harremanez ideia arrunt kontrajarriak esan izan dira, garaian-garaiko pentsamenduaren araberakoak. Baina gaur egun denek dakite mendialde euskalduna ez zela izan leku isolatua. Izan ere, erromatar aztarnak aurkitu dira Getarian, Deban, Foruan, Zarautzen, Donostian... eta bai, Etxolaberrin ere bada horren zantzurik.

Mendian behera urritza

Baliteke Etxolaberriko zubia hernaniar askorentzat ezaguna izatea, baina ez dira hainbeste izango bertaraino iritsi direnak. Ugaldetxoko Olazar edo Urruzuno baserri parean Etxolaberri izeneko errekak (Olaberri eta Urmendi izenez ere ezaguna) bat egiten du Urumea errioarekin; Hernaniko mendi altuenetan du sorburua errekak eta Urumea aparte utziz gero, Udalerriko luzeena da. Bada, hortik gora dijoan pista hartuta luze gabe irits liteke zubiraino. Benetan inguru paregabea da. Aranzadi Zientzia Elkarteak duela gutxi egindako ikerketa baten arabera balio handikoa da bailara; haltzadi ederrak gordetzen ditu eta uraren kalitatea izugarri ona da. Horregatik bakarrik, merezi du bertara gerturatzea. Baina hori ez da bertako altxor bakarra. Etxolaberriko bordara iritsi baino lehenago, pistaren errebolta batean bidezidor batek (seinale batekin markatuta dago) erromatar zubiraino eramaten du. Horrela, konturatu ere egin gabe, leku ospel bezain basatian sartuko da bisitaria eta errekaren burrunbari jarraituz urritzen abaroan eta iniztor erraldoien artean aurkituko du altxor arkeologikoa. Harrizko bi zubi ageri dira leku horretan, bizkorra denak segituan antzemango dio originalari, lehen begiratuan itxura kaskarragoa izanagatik ere. Aldamenekoa, gotorragoa baina traketsagoa, XIX. mende amaieran eraiki zen, errekan gora zegoen meatze guneari zerbitzua egiteko. Denborak esango du bietako zeinek iraungo duen gehien.

1984ko miaketa kanpaina

Huntzaren eta goroldioaren azpian kontu handiz jarritako harriak ditu zubi zaharrak. Haren berri aspaldi zekiten auzotarrek, baina 1984ko udaberrian Mertxe Urteaga arkeologoak (gaur egun Irungo erromanizazioaren museoko zuzendaria denak) gidaturik prospekzioa egin zuten. Lan horren ondorioak argitara eman zituzten urte gutxira Munibe aldizkarian eta artikulu horretan argi eta garbi esaten da arrazoiak daudela zubia erromatarren garaikotzat katalogatzeko. Zubiaren arkitekturak berak berezitasun ugari ditu. Bost metro diametroko puntu erdiko arku bakar eta airosoak osatzen du, dobela harriz egina eta diseinu perfektua duena. Gainera, arkuaren bi oinak erromatar garaiko zubietan ohikoak diren errefortzuekin ageri dira. Dobelak Olozenoko hareharrizkoak dira eta harri mota hori Jaizkibelen eta Igeldon aurkitzen denez gero, pentsatzekoa da zubia egiteko materiala handik ekarri zutela. Baina ezaugarri teknikoez gain, testuinguruak ere islatzen du zubiaren ´erromatartasuna`. Gipuzkoa osoan ez da ezagutzen Erdi Arora arte harrizko zubirik; gehientsuenak XVI. mendean eraiki ziren probintziako bide nagusietan eta behin eta berriz azaltzen dira artxiboetako dokumentuetan, izan zuten garrantziaren erakusgarri. Esaterako, Ergobiko zubia egurrezkoa izan zen XVIII. mendera arte eta Karabelekoa beranduagokoa da. Horregatik, harritzekoa da Etxolaberrin, bide nagusietatik oso urrun, harrizko zubi bat aurkitzea, eta are harritzekoagoa zubi horren aipamen txikienik ere ez agertzea udal artxiboan. Azken finean, zubiaren umiltasunak egiten du handi, egiten du erromatar.

Meatzeetan barrena

Hori guztia gutxi balitz, zubia dagoen inguruan meatze esplotazioak izan dira orain gutxi arte. Euskal Herrian ugariak dira erromatar teknikaren zantzuak dituzten meatze zuloak; ezagunenak Aiako Harrian dauden Arditurrikoak dira, baina horietaz gain Udalaitzen eta Bortzirietan ere azaldu izan dira Antzinaroko arrastoak. Hain zuzen, Etxolaberriko meatzeak Bortzirietako geruza geologiko berekoak dira. Zubitik gertu, errekan gora 50 metro eginez, puntu beltza ikus daiteke sasi matazaren artean nabarmen; zulo horietako baten ahoa da. Mertxe Urteagaren taldeak bere garaian meatze horren barrunbean egindako gainbegiratuan bi argizulo aurkitu zituen Arditurrikoen oso antzekoak, eta beraz, erromatarren garaikoak izan litezkeenak. Ia 20 urte geroago, Felix Ugarte espeleologia elkarteak esplorazio sakonagoa egin zuen Etxolaberriko meatzeetan. Guztira 14 zulo inbentariatu zituen elkarteak, gehienak Etxolaberriko zubia baino gorago daude, Kartolako errekan, eta badirudi hainbat garaitan ustiatu zituztela, azkenekoz XX. mende hasieran. Batez ere kobrea eta galena (zilarra lortzeko) ateratzen ziren zulo horietatik. Espeleologoek azaldu zutenez, Etxolaberriko zubi ondoan dagoen zuloaz gain, beste bi zulotan ere teknika guztiz ezberdina erabili da materiala ateratzeko, antzinako lanekin zerikusi gehiago dutenak. 2003ko udaran auzolandegiak antolatu zituzten Etxolaberrin, Felix Ugarte elkartearen ekimenez eta Arkeolan, Hernaniko Udala eta Jaurlaritzaren laguntzarekin. Japon, Frantzia, Polonia edo Alemaniatik etorritako 42 gaztek hartu zuten parte egitasmoan eta meatzeak esplotatzeko eraikitako edifizioak txukundu eta identifikatzeaz gain, erromatar zubia belar eta sasietatik garbitu zuten. Lan hori guztia bideoz grabatu zuen Felix Ugartek eta duela gutxi, joan den ekainean, dokumentala ikusteko aukera izan da Hernanin.

Hipotesia, froga garbirik izan arte

Dena dela, orain arte esandako guztiak hipotesiak besterik ez dira, erromatarrak bertan izan zirela egiaztatzeko froga garbirik ez baita azaldu oraindik. Irunen, adibidez, itsas portu baten arrastoak azaldu dira, termak, zeramika zatiak... Baina egia da Etxolaberrin ez dela indusketa sakonik egin. Jakina da garai batean Urumea nabigagarria izan zela oso barrura arte (Fagollaga arte, batzuen ustez), zergatik ez zuten erromatarrek bide natural hori erabiliko? Zer ikusi dute Kontxako badiaren hondoan aurkitutako erromatarren anfora eta zeramika zatiek Etxolaberriko esplotazioarekin? Osagaiak behintzat ez zaizkio falta lekuari historiaren zati bilakatzeko. Orain, arestiko galdera horiei erantzuteko lan egin beharko dute arkeologoek eta aditu diren historialariek. Agian, gutxien espero denean, zeramika zati batek hipotesia egia bihurtuko du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!