Juan Dominguez, Real Unioneko jokalaria: «Real Madrilen aurkako partidua ametsetako gaua izan zen, ametsak egi bihurtzen diren horietakoa»

Kronika - Erredakzioa 2008ko aza. 2a, 01:00

Gipuzkoako hiru talde garrantzitsuenetan futbolean ibilia zara, Realarekin lehenengo mailan ere bai. Aldaketa handia nabaritzen al da talde batetik bestera?
Bai, batez ere Realetik beste taldeetara. Lehenengo mailan zaudenean askoz kontrolatuago sentitzen zara, bai onerako eta bai txarrerako. Beste taldeetan ordea, ezberdina da; kasu gutxiago egiten dizute.

Hala ere, Real Union azken aldian oso ondo dabil. Ostegunean esaterako, Real Madrilen aurka jokatu zenuten Errege Kopako partidua, eta hasiera batean inork uste ez izan arren, irabazi ere bai.
Real Madrilen aurka jokatzen nuen lehen partidua zen, Realarekin Lehen mailan aritu nintzenean ez bainuen zorte hori izan. Guretzako, Bigarren B mailako talde batentzako izugarrizkoa da Real Madrili irabaztea. Inork ez zuen uste lortuko, genuenik. Oso pozik gaude egindako lanarekin. Gainera, Irungo jendeak ezin hobeto erantzun zuen. Stadium Gal Real Unioneko zelaia jendez gainezka zegoen, inoiz baino jende gehiago bildu omen zen bertan. Guretzat ametsetako gaua izan zen, ametsak egi bihurtzen diren horietakoa.

Real Unionek sartu zituen hiru goletatik bi zuk sartu zenituen. Zer sentitu zenuen momentu horretan?
Ikaragarria izan zen, momentu horretan adrenalina zeruetan. Real Madrilen aurkako partidu batera, berez, ikaragarrizko motibazioarekin ateratzen bazara, imajinatu golak sartzean sentitzen duzun poza. Izugarria izan zen.

Jende askok zorionduko zintuen ordutik ezta?
Bai, ordutik nere mobilak normalean baino gehiago jo du. Familiakoak, lagunak, ezagunak... horrelako mobmentuetan ondoan izaten dituzu eta zoriontzeko deitu didate askok. Lan erdiak egin dituzuen arren, oraindik Bernabeuko partidua geratzen da. Zuen entrenatzaileak azken adierazpenetan esan duenez «Madrileko partiduan ere beste ustekabeko bat izan daiteke».

Errespetua ematen al du Bernabeun jokatzeak?
Partidu horretarako bi aste inguru geratzen dira oraindik, azaroaren 12an izango da. Hala ere, guretzako han jolaste hutsa saria da eta ez digu beldurrik ematen. Guk ez dugu galtzeko ezer, bai ordea irabazteko. Irabazteko aukera badaukagula uste dut, nahiz eta oso zaila izango den. Amestea debalde da eta beste sustu bat ematea posible dela uste dut.

Kopa alde batera utziz, ligan Bigarren A mailara igotzea duzue helburu, nola ikusten duzu taldea?
Taldea ondo dago bai fisikoki eta baita motibazio aldetik ere. Gure helburua lehenengo lau taldeen artean geratzea da. Lau talde horiek igoera faseko play off-a jokatzen dute. Hala ere, igotzea nahiko zaila izaten da.

Etorkizunera begira, non ikusten duzu zeure burua?
Orain Irunen oso gustura ari naiz. Etxean bizi naiz familiarekin eta hori ere eskertu egiten da. Udan taldez aldatzea tokatzen bada, maletak egin eta joan egin beharko dut. Hala ere, hoberako den aldaketa guztia, ongi etorria izan bedi.

Datu - fitxa
Izena: Juan Dominguez
Urteak:
24 Jaioterria: Donostia
Zelaiko kokapena: aurrelaria
Futbol ibilbidea:
- Eskola kirola Donostian
- Elizatxorekin Karabelgo torneoa
- 12 urtetatik Realean l 22 urterekin Lehenengo Mailan
- Eibar - Real Union
- Lleida
- Real Union
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!