Mendiriz Mendi elkarteak jardueraz betetako Mendizale astea antolatu du ostiraletik aurrera

Kronika - Erredakzioa 2008ko aza. 2a, 01:00

mendiriz Mendi elkarteak 2008ko Mendizale Astea jarriko du martxan azaroaren 7tik aurrera, ostirala. Aurtengoan sei ekitaldi, argazki lehiaketa eta erakusketak antolatu dituzte.

`Premiazko laguntza´
Mendizale astea mendiko premiazko laguntza-ri (primeros auxilios) buruzko ikastaroarekin hasiko da. Bertan, mendiko istripuen aurrean erabakiak nola hartu ikasiko dute, besteak beste. Ikastaroa teoriko praktikoa izango da eta elkarteko lokalean emango da azaroaren 7an, ostirala, arratsaldeko 16:30etatik 20:30etara. Ikastaroa Hur Lertxundi medikuak emango du eta debalde izango da. Izen emateko epea zabalik dago eta bazkideek izango dute lehentasuna. Bigarren jardunaldia azaroaren 10ean izango da, astelehena. Bertan Jose Ramon Agirrek erakutsiko du mendira igo ondoren parapentean nola jaitsi daitekeen. Berak Broad Peak menditik egindako jaitsiera ere ikusi ahal izango dute bertara hurbiltzen direnek. Azaroaren 11n, asteartea, Mikel Zabalzaren eskutik, euskal mendizaleek mendilerro ezberdinak zabaldu edo eskalatu ondoren izandako esperientzia ikusi ahal izango da. Hurrengo egunean, azaroaren 12an, asteazkena, Alberto Iñurrategi mendizale atxabaltarrak emandako hitzaldia izango da. Ikus entzunezkoa izango da eta bertan azalduko du, leku exotikoetara bidaiatzen duten mendizaleen izaerari buruz egin duen azterketa. Azaroaren 13a berriz, hernaniarren eguna izango da. Rigloseko eskalada klasika batzuk Rafa Elorazaren eskutik, eta Patagonian trekking-a Iñaki Zuzaren eskutik izango dira.

Argazki lehiaketa
Urteroko moduan, aurtengoan ere Mendizale astearen barruan argazki lehiaketa izan da. Hernaniarrek urriaren 17ra arte argazkiak entregatzeko aukera izan zuten eta azaroaren 14an, ostirala, irabazleen izena jakingo da. Honekin batera, elkarteak proiekzio bat eskainiko du urtean zehar egindako bidaien argazki bildumarekin. Mendizale asteko azken jarduera azaroaren 16an izango da, igandea. Astea Mendiriz Mendi elkarteak antolatzen duela kontuan izanda, amaiera ezin hobea emateko, mendi irteera batekin amaituko dute. Irteera Pagoeta, Gazume eta Bidanian barrena egingo da eta bazkide eguna izango da. Bestalde, Suiseki izeneko erakusketa ere izango da azaroaren 13 eta 14an Biterin, 18:30etatik 21:00etara. Bertan, Suisekiek sortutako paisaiak ikusi ahal izango dira. Suisekia harri bat da, erosio naturalen ondorioz sortutakoa.

Jarduera guztiak 19:30etan
Mendizale Asteko ekitaldi guztiak Biterin egingo dira, arratsaldeko 19:30etatik aurrera, aipatutako egunetan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!