badira urte batzuk, herriko hiru gazte txirrindulari izateko ametsa bete nahian dabiltzala. Askorentzat Xabi Errazkin, Iñaki Lekuona eta Garikoitz Zabaletaren aurpegiak ezezagunak izango dira; beste batzuk ordea, lanean dabiltza hiru gazte hauen helburuak lortzeko asmotan. Xabi Errazkinek 21 urte ditu eta Iñaki Lekuonak 20. Biak batera hasi ziren bizikleta gainean Andoaingo taldean, orain lau urte. Gaur egun aldiz, bakoitzak bere bidea hartua du. Xabi Belea taldean dago eta Iñaki Bruesan. Garikoitz Zabaletak urte gehiago daramatza txirrinduralitzan. Orain 23 urte ditu eta badira 10 urte Donosti Berri taldean hasi zela. Azken urteak Bidelan taldean egin ditu, eta aukera hobegorik ezean, txirrindularitza uztekotan dela adierazi dio Kronikari.
Txikitatik bizikleta gainean
Txirrindularitzan konpetitzen hasi aurretik, hiru gazteak beste hainbat kiroletan ibili dira: «txikitatik beti ibili izan gara bizikleta gainean. Hala ere, eskola kirolean, txirrindularitza ez da aukeretako bat. Beraz, futbolean, eskubaloian eta abarrean ere ibiliak gara».
Gazteek azpimarratu nahi izan dute gaur egun kirola praktikatzen hasteko garaia iristen denean, konturatzen direla herrian ez dagoela karreretan ibiltzen den txirrindulari talderik. Hortaz, inguruko herrietako taldeetara joan behar izaten dute. Orain urte batzuk ordea, Peña Otañok gestionatzen zuen Kaiku taldea punta puntan ibiltzen zen afizionatu mailan. Hiru gazteek esan digutenez «herrian talde on bat falta da, afizio asko dago eta gazteek gustuko duten kirola da. Orain urte batzuk esaterako, Kaiku taldea afizionatutako goi postutan ibiltzen zen; gainera, orain profesionaletan dauden txirrindulari asko bertatik pasatakoak dira».
Afizionatu maila
erabakiorra
Xabi, Iñaki eta Garikoitz afizionatu kategorian ari dira momentu honetan, nahiz eta kategoria berean hiru maila ezberdin dauden: lehendakaria, sub 23-a eta elitea.
Lehendakarikoak gorago dituzten bi mailekin aritu litezke eta Sub 23ak, elitekoekin ere aritu litezke. Elitekoak ordea, ezin dute bera baino bi maila gutxiagokoekin aritu.
Afizionatu maila erabakiorra izaten da txirrindularitza munduan, txirrindulari baten etorkizuna nolabait hor erabakitzen baita. Hiru gazteek adierazi digutenez «afizionatu mailan ezin da txirrindularitzatik bizi eta hori da profesionaletara salto egiteko garaia. 22 edo 23 urterekin deirik edo eskaintzarik jaso ez duzunean, muga pasa duzu. Urte horiek gaindituz gero, ez zaituzte inon nahi».
Denboraldia amaitu berria
Denboraldia amaitu berria dute txirrindulari gazteek. Karrerak otsailean hasi zituzten, eta uda gogorraren ondoren, hilabeteko atsedenaldia izango dute orain. Urteko balantzea egiterako orduan pozik agertu dira hiruak egindako lanarekin. Gari Gipuzkoako txapeldun izan da, Altsasuko karrera irabazi du, bi 3garren postu egin ditu eta karrera gehienak lehen hamar postuetan amaitu ditu. Iñakirentzat afizionatutako lehen urtea izan da aurtengoa eta bere esananetan: «gogorra egin zait baina nahiko ondo ibili naiz, gusutra nago egindako lanarekin». Xabik denboraldi hasieran ondo ibili zela esan digu: «denboraldiari hasiera ona eman nion eta gustura nago».
Etorkizunari buruz galdetzerakoan Garikoitz uztekotan dela esan digu «Euskal Herrian destakatze hutsarekin ez da nahikoa, txirrindulari ona izateaz gain, zauden taldeak goiko taldeekin duten tratua ere erabakiorra izaten da». Iñakik eta Xabik ordea geratzen zaizkien urteak aprobetxatu nahi dituzte «zaila da profesionaletarako salto hori lortzea eta are gehiago hortaz bizitzea. Hala ere, esperantza ez da sekula galdu behar eta eguneroko lanean jarraitzea garrantzitsua da. Karrera bakoitza ongi eta gustura amaitzea da gure helburua».
Azaroan pretenporada
Hilabeteko atsedanaldiaren ondoren, azaroan hasiko dute pretenporada Xabi eta Iñakik. Neguan pistan aritzen dira eta otsailean denboraldi berriari hasiera emango diote.