URUMEA ibaiak duen uholde arriskua murrizteko asmotan, 18 aldaketa proposatzen dituen plana aurkeztu du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak. Hasiera batean, azterketa bat egin zuten historikoki ibaiak uholde gehien zein puntutan izan zituen jakiteko. Emaitzak erakutsi duenez, arrisku gehien Egiako zubia eta Hernaniko Altzueta bitartean dago. Hortaz, aurkeztutako planaren helburua, ahal den heinean, uholdeen arriskua murriztea da; beti ere inguru naturala errespetatuta. Hala ere, kontuan izan behar da proiektu hau oraindik proposamen bat dela; hau da, plana aurrera atera ahal izateko Udalekin akordio batera iritsi beharko dute.
Data zehatzik gabe
Plana aurrera eramateko ez dago data jakinik oraindik. Eusko Jaurlaritzak jakin arazi duenez, plana burutu ahal izateko, honek eragina duen udalerriekin harremanetan jarri eta akordio batzutara iritsi behar da. Uholdeen aurkako fase guztiak aurrera emanez gero, 60 milioiko inbertsioa egin beharko litzateke.
Proposatutako neurriak
Azterketaren ondoren, eta arazoak zein diren jakinda, irtenbide ezberdinak planteatu dira ibaiaren zonalde bakoitzerako. Helburua, esan bezala, uholde arriskua murriztea da, baina beti ere, dagoeneko altxata dauden urbanizazioetan ahalik eta eragin gutxien izanda.
Proposatutako neurrietako bat da ibaiak inguruan zelai-uneak izatea. Horiek guztiz lauak izango dira, eta ez dute izango urarentzat oztopo izan daitekeen inolako elementurik. Horrela, ibaia haziz gero, urak nora hazi izango luke. Bestalde, zelai horien inguruan lurrezko paretak jarriko dira, ibaiaren ertz guztian; ondorioz, urak gainezka egitean berriz ibaira ez da berehala bueltatuko.
Beste proposamen bat Hernani eta Astigarragako zubiak ordezkatzea da. Hernaniren kasuan Karabelgo zubi txikia ordezkatuko litzateke, eta Osiñaga eta Elorrabiko puente kolganteak kenduko lituzkete.
Horrez gain, beste hainbat neurri ere proposatu dituzte: luzera dikeak eta dragatze osagarriak egitea; ibaiaren bidea hobetzea eta bide horietan inolako oztoporik ez izatea; eta hirigintzarekin zerikusia duten neurriak hartzea. Azken hau kontuan hartuta, Hernanin esaterako, Eziago industrialdean dauden pabeloi batzuk lekuz aldatzea proposatu da.
Uholdeen abisua
Planarekin batera, uholde arriskua dagoenean, abisua pasatzeko sistema bat izatea ere proposatu du Ingurumen eta Lurralde Antolamenduko Sailak.
Azkenik, Añarbeko urtegiarekin ere kontaktuan jarri dira, urtegiko ateak irekitzea erregulatzeko, batez ere, eurite biziak izaten direnean.
Hernaniko
proposamenak
- Hernanitik Ergobiko zubira ibaiak egiten duen bidea egokitu
Ibaiak Hernanitik Ergobira egiten duen
ibilbidea egokituko litzateke. Honetaz gain, Akarregin ibai-parke bat egingo litzateke. Hau da, uholdeak izaten direnean, ura jasoko dituen lekua. Gainera, trenbidearen pasabide zaharra ere bota egingo litzateke.
- Hernaniko hirigunetik Karabelgo zubiraino pareta bat jarri
Ibaiak hirigunea zeharkatzen duen bidearen eskubian, gaur egun dagoen pareta handituko litzateke. Ezkerraldean lurrezko beste pareta bat egingo litzateke.
- Karabelgo zubia ordezkatzea
Gaur egun Karabelen dagoen zubi txikia ordezkatu egingo litzateke. Lur pareta bateko edo lezoi bateko zubi berri bat eraikiko litzateke eta 70 metroko argia izango luke.
- Karabeletik Portu auzora dagoen bidea
Karabeletik Porturako bide berria egingo litzateke, altuago, eta uholde arriskutik kanpo egongo litzateke.
- Eziagoko pabiloi batzuk lekuz aldatzea eta ibai eremuak berreskuratzea
Eziago inguruan, ibaia pasatzen den eskubiko ertzean, ibaiarentzako bide bikoitza eraikitzea zegoen aurreikusia. Horretarako, hainbat enpresa tokiz aldatuko lituzkete. Hala ere, ekintza hau definitiboki nola geratuko litzatekeen aztertzeko, Hernaniko Udalarekin elkarrizketak izango dituzte.
- Altzuetatik Eziagora tartea
Ibaiak Altzuetatik Eziagora egiten duen bideko eskubialdean pareta bat eraikiko litzateke, uholdeak saihesteko.
- Karabelgo zubitik gora dauden oinezko pasabideak botatzea Herrian dauden bi ‘puente kolganteak’ kenduko lituzkete. Hau da, Osiñagan eta Elorrabin daudenak.
Udalak adierazi du «uholdeen plana oraindik hitzartu gabe dagoela eta herritarrak lasai egon daitezkeela»
Eusko Jaurlaritzak Urumea ibaiko uholdeen inguruan aurkeztu duen planari buruz hitz egin du Marian Beitialarrangoitia Alkateak.
Ekintzak edo faseak zehazten direnean herritarrei azalduko dizkiela jakinarazi du.
EUSKO Jaurlaritzak aurkeztu duen plana aurrera atera ahal izateko, behar beharrezkoa da honek eragina duen herrietako Udalekin akordio batera iristea.
Marian Beitialarrangoitia Hernaniko Alkateak, prentsa ohar baten bidez, berri honen inguruan Udalak duen ikuspuntua eman du, herritar batzurengan zer esana sortu baitu, batez ere planak eragingo duenengan.
Eusko Jaurlaritzarekin akordioa
Beitialarrangoitiak adierazi duenez «edozein plan onartu baino lehenago, akordioa egin beharra dago Eusko Jaurlaritzaren eta planak eragingo dien hiru herrien artean. Hala ere, berria atera baino lehenago, Ingurumen eta Lurralde Antolaketaren sailak Udalari adierazi zion epe laburrean planak barneratzen dituen proposamenak azalduko zizkiola».
Bestalde, Hernaniko Udalak oraindik ez du plana egiteko behar den denbora eta finantziaketaren berri izan. Alkatearen esanetan «Hernaniko Udalak uholdeei aurre egiteko plan bat egiten ari zirela bazekien arren, oraindik ez du oso garrantzitsuak diren datu batzuen berri; plana aurrera eramateko behar den denbora eta kostua esaterako. Udalak uztailean eskatu zizkion datu hauek Ingurumen sailari eta hitzarmena sinatzeko dago 2007ko abendutik».
Lasaitasun mezua
Gaur egun oraindik akordiorik ez dagoela kontuan izanda, Beitialarrangoitiak lasai egoteko mezua bidaltzen die herritarrei «planaren gora beherak argi ez dauden bitartean ez dago urduri jartzeko arrazoirik; Urumeak izaten dituen uholdeak saihesteko ekintzak oraindik zehaztu gabe baitaude».
Udalak erabakiak hartu ahala
jakinaraziko dizkie herritarrei
Udalak hartuko dituen erabakiak faktore ezberdinak kontuan hartuta hartuko ditu, Alkateak adierazi duenez «faktore asko daude gure erabakia bat edo beste izatea baldintzatuko dutenak; esaterako, ekonomikoak, finantzarioak, hirigintzakoak eta abar».
Hala ere, jakitera eman nahi izan du erabakiak hartzen dituzten neurrian, herritarrek horien berri izango dutela «Eusko Jaurlaritzako plan honek sortu dituen kezkak direla eta, Udalak erabakiak hartzen dituen heinean, hauen berri emango die bai planaren eragina jasango duten guztiei eta baita hernaniar guztiei ere».