Jende mordoa, hori izango litzateke azpimarratzekoa ostiraletik hona Antzoki Zaharrean, Victoria Eugenian eta beste aretoetan izandako ekitaldietan. Ostiraleko eta larunbateko saioetan agortuak ziren sarrerak Antzoki Zaharrean; gaurko saioak ere agortzeko bidean daude eta erakusketak ere jendez gainezka egon dira, gaur arte. Arrakastatsuak, batez ere, inaugurazioaren saioa, eta gauekoak, bai ostiralekoa, bai larunbatekoa. Gaurko programazioarekin hasita, sakon aztertuko dugu astea, aspaldi hasia dago-eta.
Gaurko programazioa
Gaurko zine saioak Antzoki Zaharrean bakarrik emango dituzte, Victoria Eugenian Aullidos antzerki lana programatuta baitago. Arratsaldeko 17:00etan hasiko dira zine saioak The pit and the pendulum laburmetraiarekin, Marc Lougeek 2006an zuzendutakoarekin. Edgar Allan Poeren ipuin xelebrearen egokitze berriaren ostean, El viaje fantástico de Simbad, 1974 urtean Gordon Hesslerrek zuzendutako klasikoa emango dute, Ray Harryhausen maisuaren efektu bereziekin. A ze nolako igande arratsaldeak igaro ditugun nire edadeko neska mutilek Aitor eta Irazusta Aretoetan, antzeko filmeekin! Haurrentzako filme aproposa. Inulabarrean berriz, Sitges Zinemaldian arrakastatsua izan zen filmea ikusteko aukera eskaintzen digute Donostia Kulturakoek: Déjame entrar, Thomas Alfredson suediarraren filmea aurrekontu urrikoa da, baina sakona eta ikusgarria omen da. Buylling fenomenoa eta banpirismoa ezinhobeto nahasten dituen filmea omen da.
Gauean, 22:30etan aurtengo animea programatu dute antolatzaileek. Appleseed: Ex Machina, Shinji Aramakik zuzendutako filmea da, Appleseed filme nabariaren bigarren zatia, eta biak Mashamune Shirowen lanetan oinarritutako komikietan daude oinarrituak. Mamoru Oshiiren The Sky Crawlers edota Hayao Miyazakiren Ponyo of the cliff by the sea espero genituen, baina ziur nago filme hau ondo dagoela.
Hala ere, hor izango dugu Victoria Eugenia Antzokian, 20:00etan Aullidos, Teatro Corsario Taldearena.