GAUR Santu Guztien Eguna izaki, hilerria bisitariz beteko da, ohiturari jarraituz, hildako senide eta lagunei lore eskaintza egitera. Egun hauetan somatu da lore dendetan eta Plazako lore postuan mugimendurik. Egun hauetan, krabelinak, margaritak, larrosak, liriumak edo gladioloak izaten dira gehien eramaten diren loreak.
1936an hildakoak gogoratzeko kripta
Bestalde, egun hauetan hilerrira jende asko joango dela eta, Udalak hilerrian egindako hainbat txukunketen berri eman du. Alde batetik 1936ko gerran hildakoen omenezko kriptan egin dira txukunketa lanak. Udalak azaldu duenez, «nahiko zokoan geratzen denez eta goiko aldean belardia zegoenez, hezetasun haundia zegoen eta edozein txukuntze lan edo margotzeak ez zuen denbora askorako balio izaten», hori dela eta kriptari goiko aldean tela asfaltikoa jarri diote, hobeto babestu eta hezetasuna kentzeko. Horrez gain, lehioak aldatu, baldosei argizaria eman, eta margotu egin dute. Kriptako sarrera ere txukundu dute, «kriptara sartzeko eskaileren ordez bestelako sistemaren bat jartzeko toki nahikorik ez dagoenez, igoera eta jaitsiera seguruago egiteko, zailtasunak dituztenentzat heldulekuak jarri dira sarrerako bi aldeetan» azal du Udalak. Plaka ere jarri dute kriptaren sarreran, 1986an Udalak jarritakoaren erreplika. Garai hartan kapera ondoan zegoen plaka, gerora hilerrian egindako lanetan desagertu egin zen eta orain haren erreplika egin eta kriptaren sarreran jarri da.
Kapera
Bestalde, kapera ere txukundu dute. Alde batetik, hilerriko araudi berria dela eta, kapera edozein motatako azken agurra egiteko erabili ahal izango delako; eta bestetik, kapera zaharkitua zegoelako. Txukunketa lan hauetan, leihoak aldatu dituzte, eta kapera barrutik margotu egin dute, baita mahaiak eta armairuak egokitu ere.
Loreak konpostatu
Hilerrian zaharkitutako loreak konpostatzeko ontzia ere jarri dute. Udalak azaldu duenez «eredu izan behar dugu, gure ustetan hondakinen sistema alternatiboak aplikatzerako garaian». Birziklatzea errazteko, hondakinak bereizteko kontainerrak ere jarri dituzte. Bukatzeko, bankuak margotu dituztela eta landareak txukuntzen hasi direla ere aipatu du Udalak.