Santa Barbarako harrobia zuhaitzez betetako ingurua izango da etorkizunean

Kronika - Erredakzioa 2008ko aza. 1a, 01:00

SANTA Barbarako harrobia betetzeko lanak Campezo S.A. enpresari adjudikatu zaizkio, osteguneko plenoan erabaki zenez. Lanak luzerako jo dezakete, izan ere, lehenik eta behin harrobia bete behar dute. Asmoa da harrobia inguruko obretako hondakinekin betetzea, eta enpresak hondakin horiek hartzeagatik kobratzea. Ateratako diruarekin, Santa Barbarako harrobia eta ingurua parke bihurtzeko lanak finantziatuko lituzke enpresak. Proiektu definitiboa enpresak osatu behar duen arren, Udalak bere garaian, obra hauen inguruko aurreproiektua osatu zuen. Proiektu honetan ematen diren azalpenen arabera, harrobia bete ondoren malda haundi baten itsura hartuko du orain zuloa dagoen eremuak. Malda guzti honetan landare eta zuhaitzak aldatuko dituzte, eta 2,5 metro zabalerako bide sare bat jarri. Aurreproiektuan azpimarratzen da, parke honen izaera, herritik gertu dagoen aire zabaleko eremua izango dela esaten baita. Parke honen oinarria landareria eta zelaiak izango dira; sarrera eta aparkamendu bat ere izango ditu; baita ibilbideak eta mahaiak ere. Garai bateko harrobiaren eraikinaren egoera aztertzeko asmoa ere badago, eta ez da baztertzen eraikina txukundu eta erabiltzea.

Taxi tarifak
Plenoan onartu ziren baita ere 2009rako taxi tarifak. Gipuzkoako taxi elkarteak (AGITAX) egindako proposamena onartu zen, hau da, %5,2ko igoera egitea. Beraz, datorren urtean honakoak izango dira tarifak: • Eguneko tarifa: bandera jaistea 3,10; kilometroa 0,96 eta itxaron beharreko ordu bakoitza 18,58. • Gaueko tarifa: bandera jaistea 3,10; kilometroa 1,55 eta itxaron ordua 29,21.


Tabernen ordenantza
Tabernak eta antzeko jarduerak kokatzeko ordenantza ere onartu zen osteguneko Plenoan. Ordenantzan mota honetako establezimenduak talde ezberdinetan sailkatzen dira, eta elkarren artean izan beharreko distantziak zehazten dira, besteak beste. Salbuespen bat egiten da, hala ere, Plaza Berri eta Gudarien plazaren kasuan. Bi leku hauetan gehinez ere bi jarduera berri jarri ahal izango dira, baina honako ezaugarriak bete behar dituzte: alkoholik gabeko edariak saltzen dituen establezimendua izatea; edo alkoholdun edariak salduta, musika ekiporik jartzeko baimenik ez duten establezimendua izatea. Ordenantza osoa interneten jarriko dute datorren astean, www.hernani.net orrian.


2009ko ordenantza fiskalak
2009ko ordenantza fiskalak ere onartu ziren. Alde batetik, udal tasa eta zerbitzu guztien %5eko igoera onartu zen; zaborrak biltzeko zerbitzuaren tasan %50eko igoera ere onartu zen; eta baita ur hornidura edo suministroaren tasa %10a igotzea ere. Kirol Patronatuko zerbitzuak erabiltzeagatik ordaindu beharreko prezioak ere onartu ziren.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!