JOAN den larunbateko Independentzia Egunaren antolatzaileek ekitaldi eta gertakarien balorazioa egin dute Hernaniko Kronikara bidalitako prentsa ohar batean. Kontzentraziorako deialdia ere egin dute gaurko, «larunbateko eraso basatiari erantzuteko eta PNV abertzalea ez dela esateko». Deialdia 20:30etarako egin dute, Batzokian.
Larunbateko balorazioa
Bestalde, Independentzia Egunean parte hartu zuten hernaniar guztiak zoriondu nahi izan dituzte: «zorionak mehatxuen gainetik eguerditik aurrera herrian jarri zuten jai eta aldarrikapen giro ederrarengatik». Diotenez, pozik egoteko motiboak dituzte, «larunbatean ikusi genuen edozein amets, edozein proiektu burura eramateko aski indar dugun gazteria garela».
Horrekin batera eskerrak ere eman nahi izan dituzte: «Udalari, herriko merkatari eta tabernei, herritarrei eta bereziki eguna aurrera atera ahal izateko lanean jardun zuten guztiei». Bestalde, aipatu dute: «badakigu larunbatean momentu zailak bizi izan zituztela eurek ere, PNVren poliziak herria hartu eta gerra argazkia jarri zuenean».
Aipatu dutenez, egunean zehar izan ziren ekitaldiak «arrakasta itzela izan zuten».
Azkenik, honakoa salatu nahi izan dute: «Iluntzean protagonismoa PNVren poliziak hartu zuen. Txantxilla eta Atsegindegi hartu zituzten 19:30etan. 20:00etan manifestazioa abiatu genuen eta amaitzear zegoela karga basati bat burutu zuten. Oldartzearen ondorioz hainbat pertsona zauritu eta beste hainbat atxilotu zituzten».
Gauean aurreikusitako kontzertuak egin zirela ere azaldu dute «poliziak alde egin zuenean Independentzia Egunak aurrera jarraitu zuen Txantxillan».