Hernaniko Udala finalisten artean da, herriko natur ondarea aztertzeko ekimenagatik

Kronika - Erredakzioa 2008ko urr. 30a, 01:00

HERNANIKO Udala udalsarea 21 erakundeak antolatutako lehiaketa bateko finalisten artean da, herriko natur ondarea aztertzeko egindako lanarengatik. Herriko natur ondarea aztertzeko hitzarmena 2007an sinatu zuen Udalak, Aranzadi Zientzia elkartearekin. Tokiko Iraunkortasunerako Sariak izeneko lehiaketa honetako irabazleak azaroaren 4an jakinraziko dituzte. Kategoria bakoitzeko irabazleak 3.000 euro irabaziko ditu.


Udalsarea 21
Udalsarea 21 EAE mailako erakundea da eta sare honen bidez koordinatzen dira udalerri bakoitzean garapen iraunkorraren alde egiten diren ahaleginak. Hau da, sarean sartuta dauden udalerriek ingurugiroarekin, bizi kalitatearekin eta natura errespetatuko duen garapen ereduarekin zerikusia duten hainbat konpromiso hartu dituzte, herri mailakoak, eta beren ekimenak erakunde honen bidez koordinatzen dira. Momentuan 197 udalerri daude Udalsarea 21en, baita Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako Diputazioak, EUDEL eta IHOBE ere.


Tokiko Iraunkortasunerako Sariak
Udalsarea 21 erakundeak Tokiko Iraunkortasunerako Sariak izeneko lehiaketa antolatu du aurten bigarren aldiz. Hernani finalisten artean da, Bioanistasuna kategorian. Kategoria bereko finalisten artean dira: Busturiako Udala eta Gasteizko Udala, bakoitzak bere eremuan egindako ekimenengatik.


Herriko natur ondarearen azterketa
Aipatu bezala, Hernaniko Udala sariketako finalisten artean da herriko natur ondarea aztertzeko ekimenarengatik. Ekimen hori aurrera ateratzeko 2007an Aranzadi Zientzia elkartearekin hitzarmena sinatu zuen. Hitzarmena medio, Aranzadi elkartea herriko natur ondarea eta natura aldetik balio haundia duten guneak aztertzen aritu da, eta eremu bakoitzeko ekosistemaren balorazioa egin du. Azterketa honen ondorioetako bat izan da, Hernaniko ibai eta erreken inguruetan mehatxatutako landare populazio aberatsa dagoela. Horien artean hiru garrantzitsuenak azpimarratu dituzte: Trichomanes speciosum, Hymenophillum tunbrigense eta Soldanella villosa. Azterketaren bigarren fasean, mehatxatutako hiru espezie hauek sakon aztertu nahi dira eta babesteko neurriak bultzatu. Horretarako hainbat ekimen proposatu dira. Lan guzti hau 2010eko abendurako egin nahi da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!