BEHEMENDIK eta Udalak finantziatuta, zerbitzu berria jarri zuen martxan Ongintza Patronatuak iraila hasieran: Bidez bide zerbitzua. Nekazal inguruan bizi diren 65 urtetik gorakoentzako furgoneta zerbitzua da Bidez Bide, baita nekazal eremuan bizi eta mugitzeko arazoak dituzten pertsonentzako ere. Zerbitzuarekin, jende honi, bere kasa ibiltzeko erraztasunak jarri nahi izan zaizkio, herrira edozein motako errekadoak egitera joan behar dutenerako: medikutara, erosketak egitera, hileapaindegira, banketxera... eta beste hainbat enkargutarako. Furgoneta zerbitzua Hernani, Andoain eta Urnietan barrena ibiltzen da. Hernanin ditu erabiltzaile gehien, guztira 40 pertsonak eman baitute izena. Urnieta eta Andoainen 6na erabiltzaile daude. Hernaniri dagokionean, batez ere auzo hauetako jendeak erabiltzen du: Jauregi, Osiñaga, Ereñotzu, Epele, Fagollaga, Santa Barbara, Pagoaga eta Martindegi. Autobus zerbitzuko gidaria den Begoña Berastegik azaldutakoaren arabera, zerbitzuaren erabiltzaileak oso pozik daude, izan ere, halako zerbitzurik gabe baserri inguruan bizi den adineko jendea oso mugatua ibiltzen da, herrira joateko garaian.
Funtzionamendua
eta izen ematea
Bidez Bide furgoneta zerbitzuaren funtzionamendua oso erraza da. Lehenik eta behin, Ongintza Patronatuan eman behar da izena, gizarte laguntzaileen galdera egin. Eskaera onartzen badute, gidariaren mobilaren zenbakia emango zaio. Herrira joan behar duenean txoferrari deituko dio eta zita egingo dute. Eskatu dute, faborez, egun bat edo bi lehenago deitzeko, txoferrak bere egutegia antolatu dezan. Kontuan izan behar da, baita ere, zerbitzuak ordutegi jakin bat duela: astelehenetik ostiralera goizeko 08:00etatik 12:00etara.
Eguna zehaztuta, txoferra etxeko atarira joango da bila. Herrira eraman eta bertan errekadoak egin ondoren, txoferrak etxera eramango du berriz.
Ongintzako telefono zenbakia: 943 55 78 54.