Santa Barbarako harrobia txukuntzeko lanak adjudikatu ziren atzo Plenoan

Kronika - Erredakzioa 2008ko urr. 31a, 01:00

PLENOA izan zen atzo udaletxean eta bertan adjudikatu ziren Santa Barbarako harrobia berreskuratzeko proiektua eta amiantoa izan daitekeen eremuetan obrak egiteko araudia. Duela gutxi onartutako hilerriko araudian zenbait aldaketa egitea ere onartu zen. Bestalde, larunbateko Independentzia Egunaren bueltan izandako istiluen inguruko mozioa onartu zen, baita atzo Nafarroako Unibertsitatean izandako atentatuaren inguruko testua ere.

Santa Barbarako harrobia
Atzoko plenoan Santa Barbarako harrobia berreskuratzeko lanak adjudikatu ziren. Udalak lanen aurreproiektua osatu du eta lanen inguruan hainbat zehaztasun agertzen dira bertan. Orain lanak egin behar dituen enpresak behin betiko proiektua osatu beharko du. Asmoa da Santa Barbarako harrobia betetzea inguruko obretako hondakinekin. Lanak egin behar dituen enpresak kobratu egingo die harrobian hondakinak utzi nahi dituzten enpresei. Diru horrekin Santa Barbaran parkea egiteko dirua eskuratuko luke enpresak. Santa Barabarako harrobia betetzeak luzerako jo dezake. Asmoa da harrobia ia osorik betetzea eta ondoren parke bat egitea. Parke horretan zuhaitz ugari aldatuko dira, eta zuhaitzez gain, oinezkoentzako bideak, mahaiak eta zelaiak ere izango dira.

Amiantoaren inguruko ordenantza
Atzoko plenoan, baita ere, hasierako onarpena eman zitzaion amiantoaren inguruko ordenantzari. Zehazki, amiantoa duten eraikinetan obrak egiteko garaian jarraitu beharreko bidea zehazten da ordenantzan. Plenoan onartu zen ordenantza ikusgai izango da eta alegazioak aurkezteko aukera izango da orain. Alegazioak aztertu ondoren, hu-rrengo urratsa ordenantza behin betirako onartzea izango litzateke.

Hilerriko araudia
Hernaniko Udal Hilerriaren araudian hainbat aldaketa ere bozkatu ziren Plenoan. Araudi berria duela gutxi onartu da, baina aldaketa bat proposatu da, eta atzo onartu egin zen. Aldaketa horren arabera, inor hilerrian lurperatu behar den kasuetan, ez da kobratuko kapilla erabiltzeagatik, bai ordea, lurperatzea bertan egiten ez denean kapilla erabiltzeagatik. Kasu horietan 60 euro ordaindu beharko dira.

Larunbateko gertakarien inguruko mozioa
Larunbateko gertakarien inguruan herritar batek aurkeztutako mozioa ere bozkatu zen plenoan. Mozioak aurrera egin zuen, Alkatearen kalitatezko botoarekin. Izan ere bozkatu zen bi aldietan berdinketa izan zen botazioan. Mozioan aipatzen da larunbateko Independentzia Eguna jai giroan ospatu zela «Polizia Autonomikoa herrira azaldu arte». Mozioaren bidez «Ertzaintzak eragindako istilu larriak salatzen» dira eta adierazi Ertzaintzak «Alde Zahar osoa hartu» zuela, eta horren emaitza izan zirela «bost atxilotuak eta zauritu ugari». Mozioan gertakari hauekiko erantzunkizuna eskatzen zaie «polizia honen buru direnei, Hernaniko komisaldegiko buruari eta Ertzaintzaren nagusi den Javier Balza sailburuari». Bukatzeko, «Auzitegi Nazionala salatzen da» mozioan, «herri honen sektore zabal batek egin duen aldarrikapen baten aldeko festa eguna kriminalizatu nahi izateagatik, eta bizi dugun salbuespen egoera areagotzeagatik», besteak beste.

EAJren proposamena
Bestalde, larunbateko gertakariekin lotuta EAJko bozeramaileak testu bat aurkeztu zuen plenoan bozkatzeko. Batetik, dagokionari eskatzen dio larunbateko gertakarien bueltan izan diren salaketa guztiak aztertzeko. Bestetik, eskatzen da, baita ere, «zenbait tabernetan agertu den testu bat» aztertzeko, «tabernek larunbatean izandako diru sarreren %15a eskatzen duena». Plenoari honen kontra posizionatzeko ere eskatzen dio. Testuak aurrera egin zuen, oposizioaren aldeko botoarekin.

Iruñeako atentatua
Bestalde, PSE-EEk aurkeztutako testu bat ere bozkatu zen Plenoan. Testuan atentatua gaitzesten da, eta heziketa komunitateari eta atentatuan zauritutako pertsonei elkartasuna adierazten zaie. Testuak aurrera egin zuen oposizioaren aldeko botoarekin.

«Errepresioak hildakoak gogoratzeko» ekitaldia
Herritar batek ere hartu zuen hitza atzoko Plenoan. Eskatu zuen «urtero errepresioak hildakoak gogoratzeko egin izan den ekitaldia bakean egiten uzteko».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!