Matia Fundazioak Hernaniko errehabilitazio zentroa inauguratuko du

Kronika - Erredakzioa 2008ko urr. 29a, 01:00

Matia Fundazioak apirilean herrian irekitako errehabilitazio zentro berria inauguratuko du gaur. Inaugurazioa eguerdiko 13:00etan izango da eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko arduraduna eta Matia Fundazioko zuzendaria izango dira bertan.

Era guztietako arazoak
Hernaniko egoitzan ia arazo guztiak tratatzen dituzte: besteak beste, traumatologikoak, neurologikoak eta gaixotasun eta patologi kronikoak. Hala ere, badira beste arazo batzuk Donostiako egoitzetan bakarrik tratatzen dituztenak: logopedia edo hezurreko lesioak esaterako.

Apiriletik zabalik
Matia Fundazioko egoitza berria apirilean zabaldu zuten. Bertan zerbitzu modernoagoa eskaintzen dute eta gainera leku eta makina gehiago dituzte. Beraz, egungo eskaeretara ongi egokitua dagoen egoitza da. Bost lagun dira pazienteen errehabilitazioaz arduratzen direnak. Arduradunak Kronikari adiarezi dionez «egoitza berria zabaldu zenetik egunean 80-100 pertsona inguru izaten dira errehabilitazioa egitera etortzen direnak». Apiriletik urrira bitartean, guztira 10.287 errehabilitazio sesio egin dituzte bertan. Pazienteei dagokionez, inguruko herrietatik ere hurbiltzen dira, Urnieta, Astigarraga eta Goizuetatik esaterako.

Nola iritsi
Errehabilitazio zentrua Hernaniko Oriamendi kalean dago, Antziola-Berriko zonalde berrienean. Oinez joateko: Antziola kalea eta Argarain kalea elkartzen diren iskinean abiatzen da Oriamendi kalea (Argarain kalea Latsunbe kalean ezkerretara hartu daitekeen bakarra da). Kotxez iristeko: herri erdigunetik Antziola aldera goazela, Antziola auzo zaharreko errotonda baino lehen kale txiki bat dugu ezkerretara (oinezkoek dute preferentzia). Kale horri bukaeraraino jarraituta dago errehabilitazio zentrua.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!