Gure herriko herritar eta alderdi politiko zintzo eta zuri horiek beste behin ere Ertzaintzaren babesle eta defendatzaile amorratu gisa agertu zaizkigu. Etika, morala eta demokraziaren defendatzaile sutsu hauentzat nonbait kontainer batek herritar jipoitu batek baino gehiago balio omen du. Bakezale hipokrita hauentzat krudelki eta modu basatian jipoitu, zauritu eta kolpatutako herritar guztiek eskaparate bat baino gutxiago balio omen dute. Ez dakit, behar bada, alderdi politiko `abertzale` horien kide eta bozeramaileek Pinochet eta Mengelerekin jaso zituzten etika klaseak, bestela zaila da ulertzea nola babestu dezaketen larunbatean Hernanin indar polizialek izan zuten jarrera.
Hala ere, alderdi politiko horien kideek arazo handi bat dute. Larunbatean gertatu zena, beste hainbatetan bezala, denon begi bistan gertatu zela: manifestaldi baketsu bat basatiki erasotua izan zen, indar polizialek bake bakean ari ziren milaka lagun jipoitzea erabaki zuten, eta beste behin ere, herritarren eskubide demokratikoak babestu ordez Gasteizeko gobernuak errepresioaren bidea hartzea erabaki zuen.
Amaitzeko esan behar da kontainerrak erretzen ez direla gure herriaren arazoak konponduko, baina gauza bat ziurra da, benetan larria, benetan onartezina eta benetan nazkagarria dena da zapalkuntza eta opresioarekin bat egitea. Eta bide horretan ari da EAJ azken 30 urte hauetan.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!