Eusko Alkartasunak larunbateko gertakariak salatu ditu eta kaltetuei elkartasuna adierazi die

Kronika - Erredakzioa 2008ko urr. 27a, 01:00

EUSKO Alkartasunak larunbat gaueko istiluak gaitzetsi ditu, prentsa ohar baten bidez. «EAk erabat gaitzesten ditu ezker erradikalak larunbat arratsalde-gauean burututako ekintza bandalikoak» adierazi du alderdiak. «Beste behin ere, Hernani beren aginduen menpe jarri nahi izan dute, eta horretarako, dudarik egin gabe, indarkeria erabili dute». Alderdiak elkartasuna ere adierazi die istiluen ondorioz kalteak jasan dituztenei. EAri kontraesana iruditzen zaio «Alkatetzak zaborren tasa %50 igo nahi izatea eta ezker erradikalak herriko kaleetako kontainerrak erretzea». Honen inguruan dio «beste behin ere, Gobernu Taldeak ez du gai honen inguruko hitzik aipatuko ez azalpenik emango». Bukatzeko, Hernaniko Eusko Alkartasunak Independentzia Eguneko antolatzaileei eskatu die «etorkizunean ez dezatela Hernanin egun hori antolatu, kalteak, nahigabea eta hondamendia besterik ez dutelako sortu».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!