EUSKAL Herriko bazter ezberdinetako ehunka lagun bildu ziren atzo Hernanin, Independentzia Egunaren bueltan. Ekitaldiak goizeko 11:00ak aldera hasi ziren dultzainari, trikitilari eta zanpantzarrekin. Egunari hasiera ofiziala eguerdian eman zioten, Tilosetan. Eguneko ekitaldi politikoa ilegalizatu izana salatu zuten bertan eta adierazi zuten eguneko ekitaldiekin aurrera jarraituko zutela. Horrez gain «gazte independisten aurkako errepresioa» ere salatu zuten eta adierazi zuten horrek «duten konpromisoa ahuldu beharrean, indartu egiten duela».
Eguerdian Atsegindegin izan zen sagardotegian jende ugari bildu zen. 1.000 lagunentzako sagardotegia zegoen prestatuta, eta antolatzaileek adierazitakoaren arabera, bazkaltzeko tokirik gabe gelditu zenik izan zen.
Bazkalostean Independentziaren aldeko sokatira txapelketako finalak izan ziren Tilosetan.
Arratsaldeko 20:00ak aldera manifestazio jendetsua atera zen Tilosetatik. Herrian barrena buelta egin ondoren Tilosetarantz abiatu zen manifestazioa. Berez Txantxillako karpan zen manifestazioa bukatzekoa, ondoren ekitaldi politikoari hasiera emateko. Ekitaldia ilegalizatu zutela eta, Txantxillako karpan Ertzainak izan ziren arratsaldeko 19:00etatik, eta manifestazioak Tilosetarantz abiatu zen. Manifestazio amaieran Ertzaintzaren kargak izan ziren eta enkaputxatu talde batek hainbat kontainer bota eta erre zituen. Hainbat testiguk adierazitakoaren arabera, atxiloketak ere izan ziren.
Ertzaintzaren presentzia eta ilegalizazioa salatu dute
Ertzaintzaren presentzia salatu dute atzo Hernanin bildutako gazte independentistek, «goizetik izan dira herrian, Txantxillako karpan ere sartu dira goizean eta Herrian zehar ibili dira egun osoan».
Ilegazioarekin beldur giroa sortzen saiatu direla ere aipatu dute: «bezperan iragarritako ilegalizazioarekin saiatu dira beldur giroa sortzen, pozik gaude hala ere, horrek ez duelako jendea atzera bota eta etortzeko apustua egin dutelako ». Horrekin batera adierazi dute debekuarekin saiatu direla independentziaren aldeko aldarrikapenak isilarazten eta zapuzten, baina azaldu dutenez «atzoko egunean zabaldu eta landu ziren edukiak lanketa luze baten ondorio dira ».