DOBERA Euskara Elkarteak Dobera Sariaren laugarren edizioa antolatu du. Oraingoan Artelan Lehiaketa izan da eta artistek aurkeztutako obretan komunikazioaren gaia landu behar izan dute. Artelanak ikusi nahi dituztenek aukera paregabea izango dute astelehenetik aurrera Biteri kultur etxeko erakusketa aretoan.
Lehiaketaren baldintzak
Obra guztiak hernaniarrek egindakoak dira, hori baitzen lehiaketako baldintza nagusienetariko bat.
Herritarrek era guztietako obrak aurkezteko aukera izan dute. Hala ere, denek gai bera landu behar izan dute, hau da, komunikazioa irudikatzen duten obrak dira.
Artelanekin batera, artistek obra bakoitzaren azalpen labur bat eta material grafikoa aurkeztu behar izan dituzte; baita orain arte izandako ibilbide artistikoaren kurrikuluma ere.
Sei artista eta hamaika obra
Lehiaketan sei artistek hartu dute parte eta guztira hamaika obra aurkeztu dituzte; lehiakide bakoitzak lau obra aurkeztu zitzakeen.
Erakusketa Biterin
astelehenetik aurrera
Dobera Euskara Elkarteak Hernaniko artisten sorkuntza sustatu eta errekonozitzeko asmotan, obra guztiak ikusgai jarriko ditu Biteri kultur etxeko Erakusketa Aretoan.
Artelanak ikustera hurbildu nahi duten herritar guztiek beraz, aukera bikaina izango dute astelehenetik aurrera; erakusketa azaroaren 7ra arte izango da bertan.
Obrek ez dute artisten izenik izango, sariak banatu bitartean lehiaketa martxan izango baita.
Erakusketan bertan,
lehiaketatik kanpo, Doberako langile den Nagore Legarretak egindako argazkien ekarpena ere izango da ikusgai. Argazkien bidez, komunikazioak izan ditzakeen gora beherak azaldu ditu. Komunikazio arazo edo interferentzia hauek sei argazkiren biden irudikatzen ditu argazkilari hernaniarrak.
Epaimahia eta sariak
Hamaika obren artean hiru sari banatuko dira. Horietatik bi epaimahaiak emango ditu, eta hirugarrena berriz, publikoaren saria izango da.
Epaimahaia hiru pertsonek osatuko dute: Nere Lujanbiok, Edorta Langarak eta Andoni Unanuek. Hiruak artearen munduarekin zerikusi zuzena duten pertsonak dira . Epaimahaiak 1.500 eurotako norentzako izango diren erabakiko du.
Hirugarren saria berriz, artelanak ikustera hurbiltzen diren herritarrek emango dute. Obrak ikusi ondoren, erakusketa aretoan bertan txartel bat bete eta kutxa batean sartuta, ikusleak obra onenari botoa emateko aukera izango du.
Publikoaren saria irabazten duen artelanak Nagore Legarretak erakusketan aurkeztutako 6 argazkietako bat irabaziko du; irabazleak argazkia aukeratu ahal izango du.
Sari banaketa azaroaren 7an izango da Biterin eta saria ematen Dobera Euskara Elkarteko arduraduna den Nagore Zubeldia izango da.
Erakusketa herriz herri
Lehiaketan parte hartzerako orduan, artistek baimena eman zuten obrak erakusketa ezberdinetan jartzeko. Hortaz, Dobera elkarteak Biteriko erakusketa amaitu ondoren, obrekin erakusketa gehiago antolatuko ditu Gipuzkoan zehar.
Bestalde, obra guztiak katalogo batean jasoko dira. Egileek lehiaketan parte hartzearekin batera, beren izen abizenak eta obren erreprodukizio grafikoa erabiltzeko baimena eman baitute.
Beraz, lehiaketan parte hartutako artistek obrak zabaltzeko eta erakusteko aukera bikaina izango dute. Herritarrek aldiz, Hernanin bertan sortutako arteaz gozatzeko aukera paregabea.