hainbat gazte independentistek antolatuta, Independentzi Eguna izango da gaur Hernanin. Gazteek egindako deialdia nazio mailakoa da, beraz, herrira jende ugari hurbiltzea espero da. Antolatzaileek adierazi dutenez, gaur «Euskal Estatu Sozialista eraikitzeko bidean antolatzen eta borrokatzen dugun guztiok elkartu behar dugu, indarrak hartu eta etorkizun berria marrazteko konpromisoa erakutsi behar diogu herri honi»
Bazkaria eta kontzertuak
Independentzi egueneko jai giroa goizean hasiko da herriko txistulari, trikitilari eta albokariekin. Hala ere, egunari hasiera ofiziala eguerdiko 12:00etan emango zaio txupinazoarekin. 14:00etan berriz, sagardotegi erraldoia izango da Atsegindegin; 1.000 lagunentzako bazkaria prestatuko dute.
Ondoren, independentziaren aldeko sokatira izango da eta hau amaitzean, Txantxillarako bidea hartuko dute. Bertan, ekitaldi politikoa izango da arratsaldeko 20:00etan hasita. Gauean berriz, Euskal Herri mailan ezagunak diren taldeen doinuak entzun ahal izango dira Txantxillan. Bertan 3.000 lagun sartzen diren karpa jarri dute eta gaueko 22:00etan hasita Betagarri, Anestesia, DJ Bull, Ken 7, Neguri Gorriak eta Amaiur izango dira. Ondoan, janariak eta edariak salduko dituzten karpa txiki bat ere izango da.
Sarrerak salgai
Atsegindegin eguerdian egingo den bazkarira joan nahi dutenek, bazkaltzeko garaian bertara gerturatu eta lekurik ba al dagoen galdetu beharko dute, txartelak aldez aurretik saldu baitira.
Kontzertuetara joan nahi dutenek ordea, Garin edo Ekos tabernetara hurbilduz gero, oraindik badute sarrerak erosteko aukera. Kontzertua baino lehen ere, bertan eros daitezke 20 eurotan.