Auzoan parte hartzeari buruz egindako lana azalduko dute gaur

Kronika - Erredakzioa 2008ko urr. 23a, 02:00

EREÑOTZUKO udazken Kulturalari segida emanez, gaur parte hartzeari buruzko hitzaldia izango da. Parte Hartuz erakundeak Ereñotzuko auzotarren parte hartzearen inguruko diagnosi bat burutu du eta diagnosi horren ondorio nagusiak azalduko dituzte gaurko hitzaldian. Besteak beste, auzotarrek auzoko bizimoduan duten parte hartze maila, Udalarekin eta honek hartzen dituen erabakietan nola parte har dezaten, auzoko nukleo diferenteen artean (Epele, Ereñotzu, Pagoaga) zein nolako harremana dagoen aztertuko dituzte, beste gai batzuen artean. Hitzaldia Parte Hartuz erakundeko kide batek emango du, arratsaldeko 19:30etan, kultur etxean. Bestalde, 19:00etatik aurrera Marisol Yabenen argazki erakusketa ikusteko aukera izango da kultur etxean, euskal arrazako animalien erakusketari buruzkoa.

Bihar partxis lehiaketa eta kontzertua
Bihar, partxis lehiaketa izango da auzoan, arratsaldeko 17:00etan hasita, kultur etxean. Gauean, 22:30etan, Ania abeslariaren kontzertua izango da, Ur-Mia elkartean.

Igandean umeen emanaldia eta auzoko jaia
Igandean auzoko festa izango da, gaztain jate, sagardo dastaketa, auzoko produktuen azoka, eta sukaldaritza lehiaketarekin, arratsaldeko 17:00etan hasita. Igande eguedian haurrentzako emanaldia ere izango da, Korri, Xalto eta Brinko pailazoen Artista bat naiz ni ikuskizuna, hain zuzen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!