TOPAGUNE Berdea izeneko parte hartze foroa antolatzen ari da Hernaniko Udala, berehala hasiko da martxan, azaroaren 8an izango baita aurreneko saioa. Topagune Berdean ingurugiroarekin eta herritarren bizi kalitatearekin zer ikusia duten gaiak planteatuko dira; eta asmoa da proposamenak bildu, eta horiek udaletxeko departamendu ezberdinetara bideratzea. Olatz Urrutibeaskoa, udaletxeko Ingurugiro Teknikariak eta Jose Ignacio Arrietak, Parte hartze zinegotziak, azaldutakoaren arabera, «foroa irekia da eta ahalik eta ordezkaritza zabalena izatea nahi genuke, sektore eta pentsakera ezberdinetako jendea biltzea da idea, foroak ahalik eta sinesgarritasun haundiena izan dezan».
Izena eman aldez aurretik
Asmoa da hasiera batean hiru deialdi egitea: aurrenekoa, azaroaren 8rako, goizeko 10:00etan, Biterin; eta bana abenduan eta urtarrilean. Hortik aurrera topagunean biltzen direnek erabakiko dute aurrerantzean egin beharreko bidea.
Parte hartzeko izena ematea eskatu dute, jende kopuruaren arabera modu batera edo bestera antolatzeko. Izena emateko: www.hernani.net; 943 57 54 31 telefonoan; edota udaletxeko harreran.
Hondakinak eta
mugikortasuna aztergai
Topagune Berdeko aurreneko saio hauetan ingurugiroa, bizi kalitatea eta jasangarritasunarekin lotura zuzena duten bi gai aztertuko dituzte: hondakinak eta mugikortasuna. «Bi gai hauek aktualitate haundiko gaiak dira. Alde batetik hondakinen arazoa dago, San Markoseko zabortegia itxi dute eta erraustegia egitekotan dira. Zaborra kudeatzeko beste bide batzuk ere badaude eta horren inguruko gogoeta egin nahi genuke: bakoitzak egunero egin dezakeguna aztertu eta udaletxetik zein ekimen bideratu daitezkeen ikusi» azaldu dute.
Mugikortasunaren gaiaren inguruan diotenez, «Udala herria peatonalizatzearen aldeko apustua egiten ari da, baina gai horren inguruan hausnartu nahi genuke, kotxeak eta gainerako garraioak (oinezkoak, ezinduak, bizikleta...) nola uztartu, esate baterako».
Hortik aurrera foroan bertan erabakiko da zein gaiei buruz hitz egin eta zein urrats eman.
Parte hartzea
Topagune Berdea Agenda 21 delako dinamikaren barruan kokatzen da. «Bizi garen planetako lehengaiekin (petroleoa, zuhaitzak....) bukatzen ari gara eta horren ondorioa da, besteak beste, klima aldaketa. Arazo globalak izan arren, modu lokalean erantzuna eman diezaiekegu, eta horretarako herritarren parte hartzea eta inplikazioa ezinbestekoa da» azaldu dute ekimenaren bultzatzaileek.
Horrekin batera diote egunero egiten diren aukerek, non erosi, zer erosi, nola bidaiatu.... gauzak alda ditzaketela: «politikariek erabakitzea ez da nahikoa, herritarrek ere parte hartu behar dute. Erosoa da pentsatzea besteak direla arazoren erantzuleak, nahiz eta egia den erantzunkizun maila ezberdinak daudela, denok inplikatu behar dugu».
Foro iraunkorra
Topagune Berdea foro iraunkorra izatea nahi lukete; asmoa hiru bilerekin hastea da, baina aurrerantzean ere jarraitu nahi dute biltzen. «Topagune Berdea erronka bat da, hausnarketa gune bat baino gehiago izatea nahi genuke. Hausnarketatik lan ildoak markatu eta udal dinamikarekin txertatu nahi genituzke. Gertuko errealitatea aztertu nahi genuke jasangarritasunaren ikuspegitik».