Tanzaniari buruzko diapositiba emanaldiarekin hasiko da gaur Ereñotzuko udazken kulturala

Kronika - Erredakzioa 2008ko urr. 22a, 02:00

GAUR hasiko da udazken kulturala Ereñotzun. Urtero sasoi honetan kultur ekintzez betetako astea antolatzen dute auzoan eta aurten ere, hutsik egin gabe, egitarau zabalagoa prestatu dute. Udazken kulturalari Tanzaniari buruzko diapositiba emanaldiak emango dio hasiera, Haitzol Olaiz eta Aitor Dorronsororen eskutik. Emanaldia gaur arratsaldeko 20:00etan izango da, kultur etxean.

Marisol Yabenen argazki erakusketa
Bestalde, gaurtik aurrera ikusgai izango da Marisol Yabenek osatutako argazki erakusketa. Euskal arrazako animaliak ikusi ahal izango dira erakusketan, asko desagertzeko zorian daudenak. Erakusketa ekitaldiak dauden egunetan ikusi ahal izango da, ordu erdi lehenago irekiko baita erakusketa gela, kultur etxean. Igandean izango den auzoko jaian ere ikusi ahal izango da.

Kultur etxe berria
Aurtengo nobedadea da auzoan kultur etxe berria dagoela, lehen apaiz etxea zen eraikina egokitu eta aurten inauguratu baitute. Bertan egiten dira auzo elkarteko bilerak, udalak antolatutako haurrentzako tailerrak, ostegunero ludoteka zerbitzua izaten da, eta udazken kulturaleko ekintza ugari bertan egingo dituzte. Momentuz areto haundi bat egokitu dute etxearen behekaldean, eta bertan kultur ekintza, erakusketa eta beste hainbat ekimen antolatu nahi lituzkete, aurrerantzean ere. Apaiz etxea Ereñotzuko kultur etxea izateko Udalak eta Gotzaitegiak hitzarmen bat egin zuten. Horren ondorioz Gotzaitegiak 30 urtez utziko dio eraikina Udalari. Obra egiteko dirua Behemendik eta Hernaniko Udalak jarri dute, eta Ereñotzuko auzo elkartea izan da prozesu guzti hau sustatu duena.

Egitaraua
URRIAK 22
• Diapositiba emanaldia, Tanzaniari buruz. 20:00, kultur etxean.
URRIAK 23
• Hitzaldia, auzoan parte hartzeari buruz egindako lanaren ondorioak. 19:30, kultur etxean.
URRIAK 24
• Partxis lehiaketa. 17:00, kultur etxean.
• Ania abeslariaren emanaldia. 22:30etan, Ur-mia elkartean.
URRIAK 26
• Umeentzako emanaldia.12:00etan.
• Auzoko festa. 17:00etan. Bertako sagardo dastaketa, gaztain erreak, auzoko produktuen azoka, sagarrarekin egindako jakien lehiaketa, Marisol Yabenen argazki erakusketa.
URRIAK 29
• Hitzaldia, testamentuari buruz. 19:00etan, kultur etxean.
URRIAK 30
• Diapositiba emanaldia. Iñatzuarrak bizikletan Hego Amerikan zehar. 20:00etan, kultur etxean.
URRIAK 31
• Bertso afaria. Xabi Paya eta Jexux Mari Irazurekin. 20:30etan, Ur mia elkartean. Txartelak salgai Irrintzi tabernan eta Ur-Mia elkartean, 20 euroren truke.
AZAROAK 5
• Hitzaldia. Gutxiago kontsumitu eta hobeto bizi 19:30etan, kultur etxean.
AZAROAK 6
• Argazki emanaldia. 80. hamarkadako eskola. 19:30etan, kultur etxean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!