Independentzia Eguna izango da larunbatean Hernanin, jai giroa eta aldarrikapena uztartuta

Kronika - Erredakzioa 2008ko urr. 22a, 02:00

INDEPENDENTZIA Eguna izango da larunbatean Hernanin, hainbat gazte independentistek deituta. Deialdia nazio mailakoa izango da eta espero da jende ugari hurbilduko dela herrira egun honen bueltan. Egun honetan «salbuespen egoera» salatu eta indarrak bildu nahi dituzte: «Euskal Estatu Sozialista eraikitzeko bidean antolatzen eta borrokatzen dugun guztiok elkartu behar dugu, indarrak hartu eta etorkizun berria marrazteko konpromisoa erakutsi behar diogu herri honi» azaldu dute.

3.000 lagunentzako karpa eta sagardotegi erraldoia
Egitarau zabala prestatu dute larunbaterako, eta azpiegiturak ere ez dira nolanahikoak izango. Eguna, jai giroan hasiko da, 11:00ak aldera izango den kale bueltarekin. Independentzia Egunari hasiera ofiziala ordea, eguerdiko 12:00etan emango diote Tilosetan izango den txupinazoarekin. Segidan kale animazioa eta bertso poteoa izango dira bazkaltzeko ordura arte. Eguerdian sagardotegi erraldoia izango da Atsegindegin. Antolatzaileek aurreratu dutenez, 1.000 lagunentzako bazkaria prestatuko dute. Bazkalondoren independentziaren aldeko sokatira txapelketako finala izango da. Udan zehar, herriz herri jokatu dute sokatira txapelketa; eta orain herrialde bakoitzeko finalistak ariko dira. Finalaren ostean, herri erdigunetik kalejira egin ondoren Txantxilla aldera abiatuko dira. Bertan ekitaldi politikoa izango da. Gauean kontzertua izango da talde sonatuekin: Betagarri, Anestesia, Neguri Gorriak eta Ken 7. DJ Bull ere izango da musika jartzen. Kontzertuaren karpan 3.000 lagunentzako lekua izango da. Karpa txikiago bat ere jarriko dute, eta bertan janari eta edariak erosi ahal izango dira.

Sarrerak salgai
Larunbaterako sarrerak salgai daude. Alde batetik bazkaria eta kontzerturako bonoa jarri dute salgai, 24 eurotan. Kontzerturako sarrerak ere badaude, 17 eurotan aldez aurretik erosita; eta 20 eurotan egunean bertan. Bazkarira bakarrik joan nahi dutenek, bazkaltzeko garaian gerturatu eta lekurik baden galdetu beharko dute. Sarrerak Ekos eta Garin tabernetan daude.

Egitaraua
11:00: herriko txistulari, trikitilari eta albokariak kale bueltan.
12:00: txupinazoa eta Independentzia Egunaren hasiera, Tilosetan.
Ondoren: kale animazioa eta bertso poteoa.
14:00: Sagardotegia. Menua: sagardoa, tortillak, eta haragia. Barazkijaleentzat menu berezia. Bazkaria Atsegindegin izango da.
Bazkalostean: Independentziaren aldeko sokatira txapelketako finala.
19:30: ‘Etorkizuna Independentziatik’ kalejira herrian barrena eta Txantxillaraino.
20:00: Ekitaldi politikoa, Txantxillako karpan.
22:00: Kontzertuak: Betagarri, Anestesia, DJ Bull, Ken 7, Neguri Gorriak eta Amaiur.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!