Orkolaga baserriko Joxe Mari Arrietaren usoak Euskadiko azkarrenak

Kronika - Erredakzioa 2008ko urr. 19a, 02:00

Unai Agirre Goia


AFIZIOAK mila izan litezke eta bat oso berezia badu Orkolaga baserriko Joxe Mari Arrietak, uso mezulariena. Usoak hazi eta lehiatzera eramaten ditu eta aurten bera izan da Euskadiko txapeldun, ondo egindako lanaren seinale. Labur azaltze aldera, nonbait utzi eta azkarrena etxera bueltatzen den usoak eta uso taldeek irabazten dute lehiaketa, baina horrek prestaketa eta lan luzea eskatzen du. Aurten 15 proba izan dituzte: lehenengo egunean Baionan askatu zituzten usoak eta lehiaketak aurrera egin ahala urrutirago. Hamabosgarren lehiaketa egunean, Frantziako Lille herrian askatu zituzten usoak, hemendik 1.000 kilometro ingurura, orientazioa eta hego onak lagun, etxeraino etorri zitezen.

Orientazio sen berezia
Lehiaketarako erabiltzen den usoa ez da paseko edo hiriko usoaren berdina, itxura desberdina du eta orientaziorako sen berezia ere izaten du. Moko gaineko sudurra gainerako usoek baino haundiagoa du mezulariak, eta lumaje oso fin eta berezia. Bi hilabete inguru dituztenean hasten dira askatzen, hasieran etxetik 5 bat kilometrora, gero 10 kilometrora... horrela ikasten dute. Lehiaketan hiru kategoria bereizi litezke: urte berean jaiotako usakumeena; aurreko urtean jaiotakoena edo Jerlinena; eta uso helduena. Usoak hankean txip bat izaten du, lehiaketa hasi aurrean aktibatzen dena, eta etxean antena bat jarria izaten da, usoa iristean txipak abisua emateko. Hortik usoak etxeratzeko zer bataz besteko abiadura behar izan duen kalkulatzen da, ez baita berdina Baionatik Hernanira edo Bizkaiko herri batera joatea. Guztia ondo ateraz gero, litekeena da usoa 60 kilometro orduko bataz besteko abiaduran etxean izatea, deskuidatzen bada, nagusia bera baino azkarrago.

Behe lainoa, aurkaririk txarrena
Usoari gehien kostatzen zaiona orientatzea da, Joxe Mari Arrietak nabarmendu digunez, behin ondo orientatuta azkar egiten baitu etxerako bidea. Eguraldi txarra eta batik bat behe lainoa ditu etsairik txarrenak orientatzeko, eta galtzeko arriskurik haundiena ere orduan izaten omen du. Baina galdu bakarrik ez, orientazioa galdu, nekatu eta indarrak hartzera ere jaitsi liteke usoa, eta zahartzera malezi haundia hartzen omen du: «badira usoak beti puntu berdinetan deskantsatzen dutenak ere». Joxe Mari Arrieta Colombofilo Mensajera Igeldo klubeko kide da eta urtean 70 bat anila berri hartzen omen ditu, alegia, urtean 70 usakume berri ateratzen dituzte bere usoek. Arrak, emeak eta umeak ateratzeko arrak hiru kaiola haunditan bereizita dauzka, eta txandan-txandan, egunero guztiak askatzen ditu.

1.- Uso dotorea izaten da mezularia, lumaje oso berezia izaten du

2.- Txabola batean hiru kaiola haunditan daude bereizita usoak. Hauek emeak dira.

3.- Umeak ateratzeko arren kaiola sare batez bereizita.

4.- Usoak egunero askatu behar izaten dira. Txandaka askatzen dituzte.

5.- Etxe ondoko kablean lasai jartzen dira usoak, baina hegan dijoazela joz gero min hartu edo hil asko egiten dira.

6.- Hanketan txipa eta beste bi anila jartzen zaizkie usoei, jabearen etxeko telefonoa eta abarrekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!