Eusko Alkartasunak adierazi du ez duela onartuko alkatetzak 9.000.000 euroko mailegua eskatzeko egin duen proposamena

Kronika - Erredakzioa 2008ko urr. 19a, 02:00

Eusko Alkartasunak iritzia plazaratu du prentsa ohar baten bidez, Hernaniko alkatetzak 9.000.000 euroko mailegua eskatzeko egin duen proposamenari buruz. EA-k adierazi duenez, alkatetzak mailegua inbertsioei aurre egiteko eskatu nahi du. Iñaki Arratibelen ustez «gaur egun bizi dugun egoera ekonomikoa ez da egokiena mailegu hori eskatzeko. Gainera, mailegu hori eskatzeak, datozen urteetan Udaletxearen egoera baldintzatuko du. Egindako kalkuluen arabera, mailegua ordaintzeko 15 urte inguru beharko lirateke, eta urteroko gastua milioi bat eurokoa izango litzateke». Arratibelek Udaletxean, Gobernu talde berria sortu aurretik egindako lana ere gogoan izan du «Gobernu taldeak biderik errazena aukeratu du, taldea osatu zutenean Udaletxea egoera ekonomiko onean aurkitu baitzuen»

Krisia

Maileguari uko egitearen arrazoietako bat, gaur egun bizi dugun krisi ekonomikoa ere bada EA-ko bozeramaileak adierazi duenez: «Udaletxeak gaurtik 2010era jasoko dituen diru laguntzak murriztu egingo dira krisia dela eta. Aurten esaterako, Gipuzkoako Foru Aldunditik esperotakoa baino milioi bat euro gutxiago jaso da.

Eusko Alkartasunaren proposamena

EA-k datorren bi urterako inbertsio plan berri bat egitea proposatzen du «datorren bi urtetako inbertsioei eta oraindik zilintzik daudenei aurre egin ahal izateko plan berri bat onartu beharra dago». Udalak 2009ko aurrekontuen proiektua aurkeztear duen honetan, Arratibelek dio «eskatu nahi duten kreditua Hernaniko Udalak inoiz eskatutakoa baino haundiagoa dela. Honekin lotuta, EA-ko bozeramaileak galdera batzuk luzatu nahi ditu «Udalak nola finantzatuko ditu 2009ko inbertsikoak? Eta 2010ekoak? Kreditu gehiago eskatuko al ditu? Edo ez du inbertsiorik egingo?». EAren proposamena da «hurrengo bi urteetara inbertsio plan egoki bat egitea».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!