Hernaniar asko inguratu zen atzo Tilosetara, Txiribiri ongi etorria egitera

Kronika - Erredakzioa 2008ko urr. 19a, 02:00

Ondoren manifestazioa izan zen. Eneko Paskual ‘Txiribi’ irailaren 15ean askatu zuten.

Eneko Paskual Txiribiri ongi etorri beroa egin zioten atzo, Tilosetara inguratutako ehundaka herritarrek. Txiribi irailaren 15ean askatu zuten Aranjuezeko espetxetik, eta atzo ongi etorria eta manifestazioa izan ziren Hernanin, Amnistiaren Aldeko Mugimenduek antolatuta.

Agurra, opariak eta Aranjuezeko kideen gutuna

Ekitaldiaren hasieran azaldu zuten Txiribi nola harrapatu zuten eta zein kartzeletan izan zen. Ondoren Aranjuezeko kartzelako kideek berarentzat bidalitako bi bertso irakurri zituzten, eta ondoren izan ziren Hernaniko talde ezberdinek egindako opariak, dantza, eta presoen senideei eskainitako agurra. Azkeneko hitzak Txiribik berak egin zituen eta eskerrak eman zizkien Tilosetara inguratutakoei eta bere animorik beroenak senide guztiei.

«Eguneroko lanean jarraitzea ez dute oztopatuko»

Ekitaldian zehar salatu zuten «ezker abertzalearen aurkako sorgin-ehiza gogortzen ari dira, eta ilegalizatu, bahitu, inkomunikatu eta torturatzen jarraitzen dute». Bestalde, azpimarratu zutenez, «Errepresioak, ez du lortu eta ez du lortuko eguneroko lanean duintasunez jarraitzea, hori baita presoak gugana ekarriko dituena eta gatazka konpontzeko bide bakarra».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!