Hernanin 6.450 Lurraldebus txartel egin dira orain arte

Kronika - Erredakzioa 2008ko urr. 18a, 02:00

ABENDUAN hiru urte beteko dira Lurraldebus txartela erabiltzeko sistema martxan jarri zenetik; ordutik 6.450 hernaniarrek eskatu dute Lurraldebus txartela. Kopuru horrek goranzko joera hartuko duela pentsatzekoa da, izan ere, Lurraldebus txartelaren modalitate berriak jarri dira martxan, ezaugarri bereziak betetzen dituzten herritarrei deskontu bereziak aplikatuta.


Txartel berriak
Ohiko Lurraldebus txartelarekin ez bezala, Lurraldebus txartelaren modalitate berri hauek erabiltzeko beharrezkoa da Gipuzkoan enpadronatuta egotea. Txartel modalitate berri hauen artean daude: 10 eta 25 urte arteko gazteentzako Gazteak Lurraldebus txartela; Diputaziotik laguntza ekonomikoak jasotzen dituztenentzako Txartel Soziala; Adinekoak txartela, 65 urtetik gorakoentzako txartela; Ezinduak txartela, %65 edo gehiagoko ezintasuna duten pertsonentzako; eta Haurrak txartela, 10 urte azpikoentzat. Orain artean Hernanin banatu diren txartel guztien artean 6.283 ohiko Lurraldebus txartelak dira; 157 Gazteak txartela; eta 9 familia ugariko Gazteak txartela. Txartel berriak eskuratzeko Aipatutako txartel modalitate berri horiek erabiltzeko, eskatu egin behar dira. Hau da, nahiz eta ohiko Lurraldebus txartela izan perfil horietako batekin bat egiten duten herritarrek txartel berria eskatu beharko dute. Txartela eskatzeko, ohiko txartela eskuratzeko aurkezten diren dokumentuak (eskaera orria, NAN fotokopia eta argazki bat) eta Gipuzkoako errolda ziurtagiria aurkeztu behar dira. 4 euro ere ordainduko dira baina diru kopuru hori txartelari gehituko zaio. Elbarrien eta Diputazioako laguntzak jasotzen dituztenen kasuan, Foru Aldundiaren ziurtagiria ere aurkeztu beharko dute. Famili ugarietako kideak direnek ere, egiaztatu egin beharko dute, Familia Ugariko Tituluaren fotokopia aurkeztuta. Gazteen txartela urriarekin batean hasi zen funtzionamenduan eta azaroan gainerako guztiak jarriko dira martxan. Diputazioak azaldu duenez, txartel hauek Diputazioko konpetentzia diren autobus lineatan erabili ahal izango dira, momentuz.

Erabiltzaileen %65ak baino gehiagok erabiltzen du
Lurraldebus txartela erabiltzaileen %65ak baino gehiagok erabiltzen dituela azaldu dute autobusetako gidariek, eta pixkana-pixkanaka kopuru hori goranzko bidean dela nabaritu dute. Txartela erabiltzen hasi zenetik, gidariak erosoago ibiltzen direla ere azaldu dute, ez dutelako kanbioekin bueltaka ibili behar. Bestalde, bidaiariek txartela pasa besterik egin behar ez dutenek, autobusak azkarrago ateratzen direla ere nabaritu dute, atzerapen gutxiagorekin. Txartela nola erabili Zenbait erabiltzailek txartela nola erabili behar duten oso argi ez dutela ere azaldu digute gidariek. Txartela egunero erabiltzen dutenek nahiko argi dutela azaldu dute, baina noizean behin erabiltzen dutenen artean izaten dira arazoak. Azaldu dutenez, txartela autobusera igotzerakoan eta jaisterakoan pasa behar da makinatik, bi aldiz. Bidaiaren kostua kobratzen da txartela bigarren aldiz pasatzerakoan. Jaisterakoan pasatzen ez bada, txartela hurrengoan pasatzerakoan penalizazio bat kobratzen da. Penalizazioa ez bada ordaintzen, zorra pilatu egiten da, eta ordaindu gabe uzten bada, txartelarekin izaten diren deskontuak balio gabe geratzen dira.


Diputazioaren balorazioa
Diputazioa pozik agertu da Lurraldebus txartelak izan duen harrerarekin. «Txartela bakarra 2006ko abenduaren 29an jarri zen Hernanin, froga bezala. Pixkanaka autobus linea ezberdinek egin dute bat Lurraldebus sistemarekin. 2008ko otsailean gaur egun indarrean dauden deskontu sistema berria jarri zen martxan» gogorarazi du Pilar Arana Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Garraio Publikoko Zuzendariak. «Gaur egun 93.269 txartel bakar daude Gipuzkoan eta goranzko joera nabaria da. Urriaren 7rako, dagoeneko, 2.006 Gazteak txartela banatu dira» azaldu du zuzendariak. Datu hauek ikusita Diputazioa pozik agertu da Lurraldebus txartel bakarrak izan duen harrerarengatik: «sistema honek, besteak beste, balio izan du azken urteetan herri arteko garraio publikoak erabiltzaile aldetik izan duen gainbehera gelditzeko». Horrekin batera azaldu du, momentuan lane,an ari direla txartel bakarra autobus linea gehiagotan erabiltzeko: «urtea bukatu aurretik Donostia barruko autobusetan txartel bakarra erabiltzeko lanean ari gara; datorren urtean Gipuzkoako gainerako autobus lineatan erabili ahal izatea nahi genuke; eta baita Renfe eta EuskoTreneko trenetan ere. Txartel bakarra taxietan erabiltzeko aukera ere aztertzen ari gara».

Zenbait datu interegarri:
BEHERAPENAK hilabetero, Lurraldebus txartelarekin:
1-40 bidaia artean, %40.
41-70 bidai artean, %70.
71-90 bidai artean, %90.
Hernanitik Donostia, Urnieta, Andoain eta Astigarragarako bidaiaren kostua = 0,69 euro (hileroko lehen 40 bidaietan), 0,35 euro (41-70 bidaietan), eta 0,12 euro (71 bidaiatik gora).

TXARTEL MODALITATE BERRIAK: ñ GAZTEAK LURRALDEBUS:
10 eta 25 urte bitarteko gazteentzat. Txartela errekargatzerakoan sartutakoaren %20 eskuratuko da bonifikaziotan.
TXARTEL SOZIALA: Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politika sailetik diru laguntzak jasotzen dituztenentzat. Txartela errekargatzerakoan sartutakoaren %100 bonifikatuko da.
ADINEKOAK: 65 urte baino gehiago dituztenentzako txartela. Txartelaren errekargaren %20a jasoko du bonifikaziotan.
EZINDUAK: %65a edo gehiagoko ezintasuna duten pertsonentzako txartela. Txartelaren errekargaren %20a jasoko du bonifikaziotan.
HAURRAK: 10 urte baino gutxiagoko haurrek debalde bidaiatuko dute. Hala ere, txartela eskuratu beharko dute bidaia kontabilizatzeko eta bidai asegurua izateko.
FAMILIA UGARIKO KIDEAK: Aipatutako gizarte taldeko kidea izanez gero, eta seme-alaba askoko famili batekoa izanez gero, %20 eta %50 arteko bonifikazioa ere eskuratuko da txartela errekargatzerakoan.
ZEIN AUTOBUSETAN ERABILI DAITEKE: Areizaga autobus gorria: Hernani, Donostia, Pasai San Pedro eta Errenteria.
ñ Garayar autobus urdina: Hernani, Urnieta, Andoain, Donostia, Ereñotzu.
Hernani barruko autobusa. ñ AIUF: Irun, Hondarrabia, eta Irun barruko autobusa.
Eusko Trenbideak: Donostia eta Gipuzkoako kostaldea, Bizkaia kostaldea, Urola, Debabarrena.
Goierrialdea: Goierriko herriak eta Zumarragako ospitalea.
La Guipuzcoana: Donostia, Urola Erdia, Urola Kosta eta Tolosa.
Herribus: Donostia Hernani, Pasai Donibane, Errenteria eta Oiartzunekin lotzen ditu.
Interbus: Donostia, Pasaia, Errenteria, Irun eta Hondarrabiarekin lotzen ditu, baita aeroportua ere.
Pesa: Donostia, Bilbo, Gasteiz, Goierri, Tolosaldea, Urola Garaia, Debagoiena eta Deba Behea.
Tolosalde Bus: Tolosaldeko eskualdeak eta Ordizia.
Compañia de Travia TSST: Donostia, Tolosa, Zubieta, Asteasu, Andoain eta Lasarte. ZONALDEKAKO SISTEMA Lurraldebus txartelarekin:
Bidaiaren kostua pasatzen diren eskualdeen baitan dago.
• Eskualde baten barruan baidaiatuz gero, aurreneko 40 bidaien prezioa 0,69koa izango da. Trasbordoa autobus konpainia bereko bi autobusen artean egiten bada bidai bakarra ordainduko da. Baldintza bakarra transbordoa 15 minutu pasa aurretik egitea da. Adibidez, Urnietatik Aietera joateko (Garayar autobusak) bidai bat ordainduko da. Hernanitik Oiartzun, Lasarte edo Usurbilera joateko bi bidai ordainduko dira.
• Eskualde bat zeharkatuz gero. Adibidez Hernanitik Tolosara, aurreneko 40 bidaien prezioa 1,02 eurokoa izango da.
• Bi eskualde zeharkatuz gero, adibidez Hernanitik Azpeitia edo Zestoara, aurreneko 40 bidaien kostua 2,04 eurokoa izango da.
• Hiru eskualde zeharkatuz gero, adibidez Hernanitik Legazki, Zumarraga edo Ondarroara aurreneko 40 bidaien prezioa 3,15 euro izango da.
• Lau eskualde zeharkatuz gero, adibidez Hernanitik Arrasate, Durango edo Elorriora, aurreneko 40 bidaien prezioa 4,14 eurokoa izango da.
• Azkenik bidai luzeen multzoa dago. Adibidez Hernanitik Bilbora edo Gasteizera. Aurreneko 40 bidaien kostua 5,64 eurokoa izango da.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!