ASTE honetan bertan onartu da Txantxillako etxeak egiteko urbanizazio proiektua eta lanak urte amaieran hastea espero da, nahiz eta argi linea lur azpitik sartzeko lanak hasita dauden dagoeneko. Txantxillakoa izango da 2009 eta 2011 urteen artean herrian izango den obra haundienetakoa eta obra honek ekarriko dituen aldaketak ere nabarmenak dira: alde batetik, 178 etxebizitza egingo dira Txantxillan, lau bloketan; horrek ekarriko du Txantxillako zenbait aparkamendu desagertzea; Sandiusterri kalea, kale itxua bihurtuko da eta 65 bat aparkamendu jarriko dituzte ; Inmakulada Ikastetxe atzekaldetik bide berri bat izango da; eta Txantxilla atzekaldean rotonda berri bat egingo da, Santa Barbarara joateko errepidearen aurrean.
Aurreneko fasea
Txantxillako obrekin urte amaieran hasiko dira. Egun airean dauden argi lineak lur azpitik pasatzen bukatzerakoan, urbanizazio lanekin jarraituko dute: telefono, argi, gas, kainuzulo eta gainerako urbanizazio obrekin. Urbanizazio obra hauek Txantxillako eremu batean egingo dituzte bakarrik, hau da, egin beharreko blokeak lau badira, hiru bloketako lanekin hasiko dira. Hortaz, aparkamenduaren zati bat, 100 aparkamendu, probisionalki erabiltzeko moduan izango dira, Udal Euskaltegi atzekaldean daudenak.
Lan hauekin batean Txantxilla atzekaldeko errotonda egiteko lanak egingo dituzte. Errotonda horrek lotuko ditu, Urnietatik Galarretara orain dijoan bidea, Santa Barbara aldera joateko bidea eta Inmakulada atzekaldetik joango den bide berria. Inmakulada atzeko bide berri honek beste muturra Elkano eta Izpizua kaleak bat egiten duten lekuan izango luke. Bide berri hau ere aurreneko fasean egin nahi dute.
Sandiusterri kaleko aparkamenduak ere fase honetan egingo dituzte. Kalea itxi egingo dute Axalako muturrean eta 65 bat aparkamendu jarriko dituzte kale horretan.
Bigarren fasea Sandiusterriko aparkamenduak erabiltzeko moduan daudenean, Udal Euskaltegi atzekaldeko lanekin hasiko dira, hau da, laugarren eta azken blokearekin.
178 etxebizitza
Txantxillan lau bloke egingo dituzte, guztira 178 etxebizitza. 89 etxebizitza prezio librean salduko dituzte, 33 hitzartutako prezioan eta beste 56 babes ofizialekoak izango dira. 56 etxebizitza horien erdiak alokairuan jarriko dira eta beste erdia salmentan. Babes ofizialeko etxebizitzak banatzeaz Eusko Jaurlaritza arduratuko da. Aurreikuspenen arabera, etxeak 2011ko udaberrerirako eginak egon litezke.
Aparkamenduak
Gaur egun Txantxillan 210 bat aparkamendu daude. Obra bukatzerakoan Txantxillan, etxebizitzekin batera lur azpian egingo dituzten aparkamendu pribatuetaz gain (300), kalean beste 110 aparkamendu izango dira. Horrez gain, azaldu bezala, Sandiusterri kalean 65 aparkamendu berri izango dira.
1.FASEA:
• Urte amaieran hasiko dira urbanizazio lanekin, baina Txantxillako zati batekin hasiko dira. Egin beharreko blokeak lau badira, hiru blokekin hasiko dira.
• Udal Euskaltegi atzean dauden 100 bat aparkamendu erabiltzeko moduan izango dira, probisionalki.
• Txantxilla atzekaldeko errotonda berria egingo dute.
• Inmakulada Ikastetxe atzekaldean bide berria egingo dute.
• Sandiusterri kalea kale itxua bihurtuko da eta 65 aparkamendu egingo dituzte bertan.
2.FASEA:
• Udal Euskaltegi atzekaldeko lanekin hasiko dira, laugarren blokearekin.