Eaj-pnvko udal bozeramaileak, Andoni Amonarraizek kale borrokaren inguruko diru laguntzaren inguruko hausnarketa plazaratu du, idatzi baten bidez. Bozeramaileak azaldu duenez, otsaileko pleno batean diru laguntza berri bat osatzeko diru partida bat gordetzea proposatu zuen: «400.000 euroko diru partida gordetzea proposatu nuen kale borrokaren ondorioz kalteak jasaten dituzten hernaniarrei laguntzeko, eta horrekin batean diru laguntzen oinarriak osatzea ere eskatu nuen». Proposamena onartu egin zen oposizioko alderdien aldeko botoekin, Gobernu taldea abstenitu egin zen. Andoni Amonarraizek azaldu duenez, uztailean berriro ere Gobernu taldeko kideei galdetu zien, Giza Eskubide Batzorde batean, ia diru laguntzen oinarriak idazten hasi ziren, «erantzuna izan zen horretan ari zirela, eta irailean informe bat aurkezteko asmoa zutela diru laguntza hori ematea Udalaren konpetentzia den ala ez argitzeko». Irailean halako batzorderik deitu ez zela azaldu du Andoni Amonarraizek eta hori dela eta hilabete honetako plenoan gaiari buruz galdetu zuela aipatu du, «erantzuna izan zen informea prestatzen ari zirela». Andoni Amonoarraizek galdetu du zergatik ez dituen Gobernu taldeak diru laguntzen oinarriak egin: «ahaztu egin al dira kale borrokako erasoak jasan dituztenekin? Ez al zaie lagundu behar? Errealitate hau ez al zaie interesatzen? Besteei gertatzen zaiena gatazkaren parte al da?».
Giza Eskubide batzordea
Bukatzeko, EAJ-PNVko bozeramaileak aurreratu du oposizioak Giza Eskubide Batzordea deitu duela. EAJ-PNVk Batzorderako diru laguntzen oinarriak osatu dituela ere azaldu du. Bukatzeko aipatu du gaiak lehen bailehen aurrera egitea nahi lukeela: «espero dut tramiteak azkartzea eta traba gehiago ez jartzea; eta espero dut urriko plenoan onartzea, azarorako kale borrokaren biktimek herramienta berri bat izan dezaten, beren arazoak konpontzeko balio duena».