PSE-EEk salatu du «Gobernu taldeak modu ilegalean arkitekto berri bat kontratatu» izana

Kronika - Erredakzioa 2008ko urr. 18a, 02:00

pse-ee alderdiak, Gobernu Taldeak arkitekto berri bat kontratatu duela eta, horren inguruko iritzia plazaratu nahi izan du prentsa ohar baten bidez. PSE-EEk dio Gobernu Taldeak «kontratazioko legeak ez dituela bete» arkitekto berria kontratatzerakoan eta ez diela kasurik egin «interbentoreak eta teknikariak idatzitako informeei; erabaki horren ez oso aldekoak». PSE-EEk azaldu duenez «Alkate dekretu bitartez kontratatu da arkitektoa, urriaren 7an, eta 15 hilabetetan 2.789 euroko kostuarekin». Horrekin batera aipatu du, arkitekto berria Arau Subsidiarioak berridazteko kontratatu dela, eta salatu du lan hori Udaletxeko arkitekto asesorearen zeregina dela.

«Kontraesanak»
PSE-EEren ustez, Alkateak joan den uztailaren 2ko Hirigintza batzordean esandakoak kontraesan ditu: «esan zuen ez zela beharrezkoa izango teknikari berri bat kontratatzea, arkitekto asesorea arduratzen ari baitzen arau subsidiarioen testu errefundituaz». PSE-EEren ustez, jokaera honek «Marian Beitialarrangoitia buru den Gobernu taldearen gardentasun falta erakusten du; kontratuen araudia alde batera uzten duelako, ez baita inolako lehiaketarik egin; 41.835 euro inbertitzea ekarriko duelako, aurrekontuetan agertzen ez den diru kopurua; eta lan hori lehendik ere adjudikatua zegoelako, baita diru ordaina ere, udal arkitekto asesorearen kontratuan».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!