Ingurumena eta bizi kalitatearen inguruan gogoeta egiteko Topagune Berdea jarriko da martxan azaroan

Kronika - Erredakzioa 2008ko urr. 15a, 02:00

INGURUMENAREKIN  lotura duten gaiak aztertzeko eta erabakiak hartzeko Topagune Berdea izeneko gune bat jarriko du martxan Hernaniko Udalak, Elhuyar Aholkularitzaren laguntzarekin. Guztira hiru bilera izango dira, urte bukaera bitartean eta aurrenekoa azaroaren 8an izango da.

Topagunea eta Berdea
Ingurumenaren inguruan eztabaida eta erabakiak hartzea ekarriko duen guneari izena jartzeko orduan, Udalak hainbat datu izan ditu kontuan. Batetik, topagune hitza aukeratu du, bertan ingurumenarekin interesa duen herritar oro biltzea duelako helburu. Beraz, helburua da sexu eta jatorri ezberdinetako herritarren arteko topagune izatea. Bestetik, berdea hitza aukeratu du Udalak, ingurumenarekin lotura duten gaien inguruan hitz egingo baita bertan. Ingurumenaz modu zabalean hitz egingo da, hau da, ez da kutsaduraz eta gune naturaletaz bakarrik hitz egingo; lurraren antolaketaz, mugikortasunaz, kontsumoaz eta hondakinen kudeaketaz ere hitz egingo da. Landuko diren gai guztiek, azken finean, ingurumenean eta bizi kalitatean eragina dute.

Izen ematea
Topagune Berdean parte hartzeko aldez aurretik izena eman beharko da, topagunea antolatzeko zenbat jendek parte hartuko duen jakin nahi baitute. Izen ematea Udalaren www.hernani.net web orrian egin daiteke edo 943 575 431 telefonoan. Udaletxeko harreran ere egin ahal izango da; bertako ordutegia honakoa da: 09:00etatik-13:00etara eta 15:00etatik-20:00etara. Hileko lehen eta hirugarren larunbat goizetan berriz 10:00etatik 13:00etara.

Hiru saio
Hasiera batean topaguneak hiru saio izango ditu. Lehenengoa azaroaren 8an izango da Biterin. Bertan prozesua aurkeztuko da, eta herri mailan aztertu beharreko erronkak adostuko dira. Bigarren saioa berriz, abenduan izango da eta herriko mugikortasuna eta hondakinen gaia aztertuko dituzte. Gainera, etorkizunean landu nahi dena ere zehazten hasiko dira. Itxura batean, azken saioa urtarrilean izango da eta bertan egindako lana baloratu eta aurrera begira topagunearen zereginak zehaztuko dira.

Ingurumena
Udalaren ustetan, herritarrak kontziente dira egungogarapen ereduak ingurumenean eragiten dituen kalteaz. Hori kontuan izanda erabaki dute tresna berri hau martxan jartzea. Horrela, herritarrek ingurumenarekin lotuta dauden erabakietan parte hartu ahal izango dute, etorkizunean nolako herria nahi duten eztabaidatu eta erabaki ahal izateko. Topagune Berdearen ardatza herritarren partehartzea izango da. Beraz, Udalak prozesuaren hasiera besterik ez du zehaztu, hau da, azarotik urtarrilera bitartekoa. Prozesuaren etorkizuna aldiz, topagunean bertan bildutakoen esku dago.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!