hernaniko waterpolo taldeek denboraldi berriko liga hastear dute. Denboraldia hasten lehenak mutilen bi taldeak izango dira, datorren asteburuan, Altzako Tximistarri A eta B taldeen aurka.
Hiru talde
Aurtengo denboraldian hiru waterpolo talde ditu Hernanik: bi gizonezko eta emakumezko bat.
Gizonezkoetan talde nagusia seniorrena da. Bertan, 1994 urtean edo lehenago jaiotakoak aritzen dira. Beste taldea berriz, jubenilena da eta 1991 urtetik aurrera jaiotakoek jokatzen dute.
Emakumezkoen taldean ordea, ez dago kategoriarik, 1994 urtean edo lehenago jaiotakoa izatea da aurtengo baldintza bakarra.
Partiduko, talde bakoitzak, 13 jokalari izan ditzake. Horietatik 7 uretan izaten dira eta beste 6ak bankiloan.
Jokalariak
Jokalari aldetik, taldeek ez dituzte aldaketa askorik jasan. Jokalari gehienak hernaniarrak dira eta joan den urteko berdinak. Izan diren aldaketa gutxiak jubenil eta emakumezkoen taldean izan dira gehien bat, aurten jendea animatu baita waterpoloa egitera.
Seniorrak aldiz, kanpoko jokalari gehien dituztenak dira; Donostiatik, Lasartetik eta Errenteriatik etorritakoak, besteak beste.
Denboraldi berria
Gizonezko seniorrek Gipuzkoako txapelketarekin hasiko dute denboraldi berria. Ondoren, Euskadiko Txapelketa jokatuko dute. Jubenilak berriz, Gipuzkoako txapelketa jokatuko dute.
Neskei dagokienez, hauek zuzenean Euskadiko Txapelketa jokatuko dute, Gipuzkoa mailan ez baitago waterpoloa egiten duen emakumez osatutako beste talderik.
Miguel Angel Redondo da taldeetako entrenatzailea, eta denboraldi berriari buruz hitz egiterakoan, Kronikari adierazi dio « jokalariak animatuta daude, denboraldi berria hastear baita. Senior taldeak Gipuzkoako Txapelketa irabaztea du helburu, joan den urtean bezala. Euskadiko Txapelketan ere emaitza onak lortzea espero dugu, joan den urtean laugarren izan ginen. Nesken kasuan berriz, zuzenean Euskadiko Txapelketa jokatuko dugunez, helburua berdina izango da, hau da, joan den urteko bosgarren postua hobetzea».
Aurkari nagusiak
Gipuzkoako txapelketan aurkari nagusia Irungo Oiasso taldea izango da hernaniarrentzat. Euskadiko Txapelketan berriz, bai emakumezkoen eta baita gizonezkoen kasuan ere, Bizkaiako taldeak dira nagusi. Miguel Angelen esanetan «Bizkaia aldeko taldeak oso indartsuak dira, gainera, Gipuzkoan baino afizio gehiago dago. Hala ere, nahiko ondo moldatzen gara».
Euskal Selekzioa
Joan den urtean bost jokalari hernaniar joan ziren Euskal Selekzioara. Bi alebinak, Alazne eta Alain. Beste hiruak aldiz, infantil mailako neskak izan ziren: Miren, Amaia eta Alazne.