APEADEROA eta herria lotuko dituen igogailua laister hasiko dira egiten. Atzo adjudikatu baitziren igogailua egiteko lanak. Hain zuzen, Urbycolan S.L. enpresa izango da igogailua egingo duena eta lanek 786.942,16 euroko aurrekontua izango dute. Behin lanak adjudikatuta, aurreikusten da urtea bukatu aurretik hastea igogailua egiteko lanekin. Lanak hasita, enpresak lau hilabete eta hiru aste izango ditu lanak bukatzeko. Beraz aurreikusten da maiatza alderako igogailua egina egotea.
20 pertsona sartzeko
moduko igogailua
Igogailu berrian 20 pertsona inguru sartu ahal izango dira. Sarrera Karabeletik apeaderora oinezkoak pasatzeko dagoen tunel txikiaren inguruan izango du; Balantxa aldetik apeaderora joateko pasealekuan, tunel horren parean, zertxobait Balantxa aldera. Irteera aldiz, Atzietan izango du, haur parkea dagoen horretan.
Igogailuaren sarreran, behekaldean, sarbide bat izango da eta bertan eserlekuak eta bizikletentzako aparkalekuak izango dira. Pasealekua konpondu eta bidegorria jartzeko asmoa ere badute. Igogailu irteeran, goialdean, komun publikoak jarriko dituzte.
Igogailua bera kristalezkoa izango da eta erabiltzerakoan herriko parajeak ikusi ahal izango dira. Bizikletak sartzeko aukera ere izango da,
nahiz eta oinezkoek izango duten lehentasuna.
Txantxilla urbanizatzeko
egitasmoa onartu da
Txantxillan egingo diren etxeetarako urbanizazio egitasmoa ere onartu zen atzo. Urbanizazio fasean jartzen dira argia, telefonoa, gasa, kainuzuloak eta halakoak. Bestalde, Txantxillako lanekin lotura zuzena duten lanak hasi dira dagoeneko. Izan ere, airean zegoen argi linea lur azpian sartzen ari dira. Tellerigainen dagoen semaforotik Txantxilla bitartean lineak egunotan ari dira lur azpian sartzen. Jarraian gainerako urbanizazio lanekin hasiko dira, lehen bailehen.