PorTUKO plazak eta inguruko etxeak duela 50 urte egin ziren. Abuztuaren 22an garaiko agintariak eta eleizako ordezkariak etorri ziren plaza inauguratzera eta bedeinkazioa ematera. Urte hartan, Pilarika egunean eman zizkieten bizilagunei giltzak etxera sartzeko. 50 urte pasa dira orduz geroztik baina bizilagunek ondo gogoratzen dituzte orduko kontuak; baita ondoren etorri zirenak ere: plaza urez gainezka jartzen zenekoak edo etxe berriak egin zirenekoak. Orduan jarri ziren bizilagunek bizitza osoa eman dute plazaren bueltan, eta hori ospatzeko, atzo egun osoko jaia egin zuten plazaren inguruan: meza, pelota partidua, udal bandaren kontzertua, herri bazkaria eta dantzaldia izan zituzten. Gogoan jasotzeko modukoa.
Goizean meza,
pelota partidua eta
bandaren kontzertua
Atzoko eguna mezarekin hasi zuten. Auzotar asko bildu zen plazan bertan eman zen mezara. Ondoren, pelota partidua jokatu zuten auzoko frontoian.
Ordubata aldera jendez bete zen plaza, Udal Musika Bandak eskainitako kontzertua entzutera; ikuskizun ederra bandaren emanaldia plazan.
Herri bazkaria
Eguerdi partean jendea mahaira hurbildu zen, jairako prestatutako herri bazkarira. Auzoko eta inguruko 250 lagun inguru bildu ziren mahai bueltan, orduko eta gaur egungo kontuak berritzera, giro ezin ederrean, «okasiora ezin faltatu».
Arratsaldean dantzaldia
Bazkalostean dantzaldia izan zuten Etxabe Anaiak taldearekin. Auzotarrak suelto ibili ziren dantzan, plaza guztia bere eginda.
Gaueko 22:00ak aldera bukatu zuten jaia, beste 50 urte eta askoz gehiago betetzeko asmoarekin.