Alboka, arnasketa teknika berezia behar duen musika tresna

Kronika - Erredakzioa 2008ko urr. 12a, 02:00

Alboka soinu-tresna bikoitza da, bi tutu baititu, aldi berean jotzen direnak. Adar txikia du hasieran, eta bere kontra jartzen dira ezpainak putz egiteko. Barruan dituen bi fitak babesteko ere balio du. Fitak dira albokari hotsa ateratzen diotenak. Garai batean, kainaberazkoak izaten ziren; hauei ebaki bat egiten zitzaien mihia lortzeko, eta hau hariarekin lotzen zen, putz egitean lortutako mihiaren bibrazioa neurtu eta agudoago edo grabeago afinatzeko. Kainaberak ordea, hezetasuna hartzen du, eta jotzearen ondorioz sortutako hezetasuna hartzean, mihiak pisua hartzen du, bibrazioa motelduz eta afinazioa galduz. Horregatik, gaur egun plastikozkoak izaten dira fitak, eta beira-zuntzekoak mihiak. Hauek lotzeko berriz, gomatxo batzuk erabiltzen dira. Fitak barnean dituen adar txikia tutuen puntei eta uztarriari lotua egoten da, eta fita bakoitza, tutu batekin konektatzen da. Horrelaxe lortzen da, bi soinu-tresna entzuten direlako irudipena. Putz egiten den aldetik begiratuta, ezkerraldeko tutuak bost zulo izaten ditu, eta hau da doinua jotzeko erabiltzen dena. Eskuinaldeko tutuak, hiru zulo dauzka, eta melodiari laguntzeko erabiltzen da. Uztarria egurrezko erdizirkularra da, albokaren euskarria dena, alde guztiak lotzeko balio baitu. Horrez gain, albokariarentzako helduleku ere bada. Uztarriaren eta bi tutuen amaierako puntak adar handiari lotzen zaizkio. Honek musika-tresnaren hotsa handitzeko eta bideratzeko balio du. Azkenik, katea da alboka osatzen duen detaile txikiena. Gaur egun alboka pieza bakarrekoa izaten bada ere, garai batean, adar handia ez zen uztarriari modu finkoan loturik egoten. Adar handia estu-estu atxikitzen zitzaion uztarriari jotzerako orduan, baina jasotzeko askatu egiten zen. Horregatik, jo bitartean adar handia lurreraino eror ez zedin, kate batekin lotzen zen.

Albokaren nondik norakoa
Alboka, `alboge` ere deitua, noiz eta non sortu zen jakiterik ez dugu. Baina argi dago instrumentu zaharra dela. Hitza arabiarrez esaten den `al-bu¨q` hitzetik datorrela uste da, eta bertako musika tresna baten antza haundia du. Hala ere, Euskal Herrian aspaldidanik erabili den soinu tresna dela ere dudarik ez dago. Orain arte ezagun diren berri zaharrenak Aita Donostiak euskal musika tresnen inguruan idatzi zuen liburuan jasotzen dira. Horietan zaharrena, 1443. urtean Arrasaten bildutakoa da: se utilizaron para bailes y canciones en Mondragón el tamboril, las albocas y panderos. Horrez gain, idazki gehiago ere jasota daude, 1777an Durangaldean jasotakoa kasu, edota 1826an Bizkaian bildutakoa kasu.

Teknika eta errepertorioa
Albokarekin jotzen den errepertorioa batez ere fandango edo jotak, arin-arin edo porruek edota martxak osatzen dute. Hala ere, albokariek doinuak interpretatzeko joera izaten dute, eta horregatik, doinu beraren hamaika bertsio ezagutzen dira. Normalean panderoak erritmoarekin laguntzen dio, eta doinu gehienek koplak kantatzeko zati bat izaten dute, normalean pandero-jotzaileak abesten dituenak. Teknikari dagokionez, haizeari buelta emateko teknika aipagarria da. Alboka jotzeko haizea etengabe bota behar da, baina xirolarruak (gaitak) ez bezala, albokak ez du haizea gordetzeko poltsarik. Horregatik erabili behar izaten da teknika hori, hau da, albokariak haizea botatzen duen bitartean, sudurretik hartu egin behar du. Teknika honi buruz, R. M. Azkuek pasarte berezi bat bildu zuen.

Ez adarrik jo, albokariari!
Honen arabera, ba omen zen Zeanurin bizi zen Arratiako izen haundiko albokari bat. `Nire birikak langorik (bezalakorik) non?`, esaten omen zuen, harro. Pariseko kalerik luzeena mando gainean eserita alboka jotzen zeharkatzeko gai izango zela zioen, behin ere jotzeari utzi gabe. Lagun batek apustua onartu, eta Parisera joan omen ziren biak, kalerik luzeenaren bila. Zeanuritarra hasi zen jotzen goizean, eta iluntzean kalearen amaierara iristen ari zen, oraindik alboka jotzeari utzi gabe. Lagunak ordea, bere burua apustua galtzear zegoela ikusita, albokariaren sudurra eskuaz itxi omen zuen, eta albokaria itota hil omen zen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!