Alboka doinu zahar eta berrien bilgune bihurtu da Hernani

Kronika - Erredakzioa 2008ko urr. 12a, 02:00

Hernani Musika Eskolako alboka ikasleak Hernaniko 15. alboka Topaketarako azken momentuko prestaketa lanetan eta entsaio orokorrean harrapatu ditugu. Ardaitz Gartzia, Oscar Angulo, Haritz Ezeiza, Jon Iraola, Aitor Rosas eta Vanesa Ziauriz dira Juan Mari Beltranen gidaritzapean alboka jotzen ikasi duten ikasleetako batzuk. Ixiar Jauregik berriz, panderoarekin eta kantuarekin laguntzen die, eta Lara Mitxelenak aldiz, akordeoiarekin. Alboka taldeko ikasle batzuk besteak baino gaztetxoagoak direla eta, denek ez dute ongi gogoratzen Alboka Topaketaren hasiera, baina harian-harian gogora etorri zaizkie pasarte batzuk. 1993 urte inguruan edo, albokariak irteten ziren San Joanetako azken egunean, alboka jotzera. `Herri-kirolak izaten zirenean ere, aizkolariek moztutako enbor zatiak jaso eta plaza harri-jasotzaileentzako prestatu bitarteko hutsuneak betetzeko ere` deitzen zietela oroitzen dute. San Joan Konpartsarekin ere jotzen zuten, dantzariekin batean Hernaniko kaleetan zehar erromeria eginez. Hortik, Eibarren ikastaro batean elkartu ziren batean, `txoko guztietako hainbat albokariren artean urtean 3 zita antolatu behar zirela` erabaki zuten: `bata Gasteizen, bestea Bizkaian eta bestea Gipuzkoan`. Horrela sortu zen Hernaniko Alboka Topaketa. Modu horretan, ospatzeko beren `egun propioa` sortu zutela diote albokari hernaniarrek. Horrez gain, egiten zutena `jendeari erakusteko asmoarekin ere sortu` zuten egun hau, `alboka ezagutarazteko`. Baina denontzako ez ezik, albokarientzako ere egun berezi eta garrantzitsu bilakatu da Hernaniko Alboka Topaketa. Izan ere, albokarien artean elkar ezagutzeko balio izan die. Gainera, alboka erabiltzen zuten hainbat talderen aurkezpena bertan egin da, alboka egileak ere ekarri dira beren teknika eta piezak erakutsi eta saltzeko, eta albokaren inguruko hainbat liburu, disko eta abar luze bat ere bertan eman dira ezagutzera.

Etorkizun sendoa
Alboka desagertzeko zorian egon bazen ere, gaur egun salbu dagoela uste dute Hernani Musika Eskolako albokariek. `Azken urteetan albokari kopuruak berdin jarraitzen du gutxi gora-behera, ez gutxiago, ez gehiago`, baina `mailak nabarmen gora egin duela` iruditzen zaie. Kalean ere gehiago entzuten dela diote, eta gaur egun, musika eskolek alboka ikasteko aukera emateak asko lagundu duela diote. Eta noski, baita Albokarien Hernaniko Topaketak ere. `Hasierako Topaketetan jotzera edonor animatzen` zela oroitzen dute, baina orain `jendeak errespetu gehiago` diola ikusi dute, `maila igo egin delako`. Gainera, alboka soinu tresna zaharra bada ere, ez da zaharkitua geratu, eta hainbat berrikuntza izan ditu jada, fitak egiteko erabiltzen den materiala kasu. Gainera, etengabe berritzen saiatzen dira asko, eta gaur egun alboka eredu berriak aurkezten dira: afinazio desberdinetakoak, eskala desberdinetakoak... Dudarik gabe, alboka sasoi betean dagoela uste dute ikasle hernaniarrek. `Albokari kopurua asko igo ez bada ere, enborra sendoa dela` argi dute, eta oraingoz behintzat, etorkizuna ziurtatua duela.

Gaur Albokarien Topaketan:
l Albokagileen azoka eta erakusketa. Bertan alboka egiteko hauen trebezia eta azken berrikuntzak ikusteko aukera izango da.
l 10:30etan Hernani Musika Eskolan Alboka eredu berriak eta digitazioa tailerra Ibon Koteronen eskutik.
l 12:00etan Kaxkoan Albokarien kale-buelta.
l 14:30etan herri bazkaria albokariekin batean Santa Barbara elkartean (parte hartu ez dutenek 15 € ordaindu beharko dituzte).
l 17:30etan Albokaldia Tilosetan. Euskal Herriko eskualde ezberdinetatik etorritako albokari taldeen emanaldia.
l 19:30etan Hernaniko Kaxkoan zehar albokarien agurreko kalejira.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!