Ezkondu berritan etorri zineten hirurak?
Amparo: Bai, ezkondu berritan, Igantzitik.
Roxarito: Hiru urte eta erdiko alaba ekarri nuen nik, Kale Nagusitik hona.
Ines: Nik, etorri aurretik hiruzpalau hilabete egin nituen Ereñotzun.
Zergatik Portu auzora?
Amparo: Besterik ez genuen eta.
Roxarito: Ni kalean bizi nintzen eta ez nuen etsitzen; patioa besterik ez dago, ni ohituta nengoen txoriak entzuten, kanala ikusten... Kalean dena patioan egiten da, Karabantxelen baino okerrago...
Ines: Garai hartan modu onean jarri zituzten etxeak...
Itxura ederreko etxeak zirela dio garaiko kronika batek.
Amparo: Bai, itxura! Etxeak ez ziren hain txukunak; diru asko utzi dugu etxe hauetan, gauza bat zela eta bestea zela.
Ezagutu zenuten auzoa etxeak egin baino lehen?
Roxarito: Nik bai. Orain plaza dagoena, dena baratzak ziren, Belaunzaranenak.
Etxe gutxi izango zen orduan?
Roxarito: Gutxi. Reteginea zegoen, Olaranena, Piperrenea, bestea Mataburros esaten geniona...
Amparo: Nik ez; Igantzitik etorri bainintzen; Hernani gutxi ezagutzen nuen, senarraren etxea justu, Karabelen.
Ines: Ni Larre-Gainekoa naiz eta Hernani gogoratzen dut, baina Portu auzoa ez, ez baikinen gehiegi jaisten baserritik, eta jaisten ginenean, Ereñotzura, elizara eta eskolara...
Urarekin makina bat komeri izan zenituzten, ezta?
Roxarito: Bai, herriko urak hona etortzen ziren eta tuberia txikia izaki, ura atera egiten zen... urak bere tokia behar du.
Amparo: Makina bat aldiz ura atera eta pisu guztiak urez beteta ezagutu ditugu; lantxan ibiltzen ziren plazan.
Ines: Hala ere, duela 20 urtetik hona asko hobetu dira gauzak eta gutxiagotan gertatu da.
Inoiz tokatu zaizue etxetik kanpo geratzea?
Amparo: Guri ez, baina beheko pisutakoei bai, altzariak eta atera behar...
Inaugurazioa gogoratzen duzue?
Roxario: Bizilagunei ezer esan gabe inauguratu zituzten; hilaren 22an etorri ziren eta hurrengo hilaren 12an, Pilarika egunean, eman zizkiguten giltzak. Orduan ez ziren etorri, ez!
Nolakoa zen bizimodua auzoan?
Amparo: Segituan jarri zuten komestible denda; gero harategia, arraindegia, gero taberna...
Roxarito: Hemen egiten genuen bizimodua. Iñaki Peña etortzen zen ogiarekin, baita Zabala okindegikoa ere.
Ines: Esneketaria etortzen zen Ereñotzutik, Iyolakoa, Inuxentzio, kotxearekin.
Amparo: Baserritarrak etortzen ziren Ereñotzutik esnea eta berdurarekin.
Denek ezugutuko duzue elkar?
Amparo: Horixe! Pentsa, Ines nire goian bizi da, eta garai batean, telefonorik eta ez zenean, berak zerbait nahi bazuen, hankarekin tan-tan jotzen zuen eta nik banekien zerbait zuela, eta nik beste hainbeste: zerbait behar banuen, eskobarekin jotzen nuen sabaian eta segituan leihoan ginen biak eta zer duzu?
Auzoan egin duzue bizitza baina ‘herrira’ ere joaten zarete, ezta?
Roxarito: Nik mezetara eta errezeta bila joaten naiz.
Amparo: Bai, joaten gara tarteka eta jendeak ezagutzen gaitu. Horrelakoetan, joaten garenean, ‘Gora noa’ esaten dugu, edo ‘Hernanira noa’.