50 urte bete dira aurten Portuko plaza eta inguruko etxeak egin zirela eta auzotarrek ospatu egin nahi izan dute. Hori ospatzeko jaia egingo dute auzoan gaur eta bihar. Gaur umeentzako jaia izango da batik bat; bihar berriz guztientzat, egitarau zabala izango da, herri bazkaria barne.
Meza eta pelota partiduak
Bihar izango da egun haundia Portu auzoan. Goizeko 11:00etan meza egingo dute auzoko hildakoen alde. Ondoren, 12:00etan pilota partidua jokatuko dute frontoian.
13:00etan herriko Musika Banda izango da protagonista eta Ibarrolaburu plazan barrena zabalduko dituzte beren doinuak, Zipri Otxandorenaren zuzendaritzapean.
Herri bazkari jendetsua
Herri bazkaria egingo dute ondoren; jende asko espero dute, eta udal korporazioko kide batzuk ere gonbidatu dituzte. Ondoren, dantzaldia izango da, Etxabe Anaiak taldearekin. Gaueko 22:00etan bukatuko da festa.
1958an inaugurazioa
Duela 50 urte inauguratu zituzten Javier Ibarrolaburu plaza eta inguruko etxeak. Abuztuaren 22an izan zen, eguerdiko 12:00etan; San Joan Bautista izena jarri zioten etxe multzoari.
«Inauguraziora Gobernadore Zibila, Mogimenduko ordezkariak, Elizbarrutiko prelatua, orduko alkatea eta beste autoritate batzuk etorri ziren» jairako propio auzoan zabaldutako eskuorrian dioenez.
71 etxe eta 7 denda egin ziren. Aurrekontua berriz, 6.320.000 pezetakoa izan zen. Etxeak ECISA etxegile katalan famatuak Gipuzkoan egin zuen lehenengo lana izan ziren.
Javier Ibarrolaburu plaza
Javier Ibarrolaburu, jaiotzez tolosarra, txikitan etorri zen Hernanira bizitzera. 1954an hil zenean, 50.000 pezeta eman zizkion udalarari «langile jendeari laguntzeko». Udalak esker ona adierazteko bere izena jarri zion Portuko plazari.
Bizilagunen kexak
Eskuorrian garaiko kontuak ekarri dituzte gogora, eta besteak beste, etxeak inauguratu berritan bizilagun batzuk egindako zehaztapenak aipatzen dituzte: «etxeei eman zitzaizkien azken ukituak ez ziren oso onak izan auzotar batzuen iritziz, batzuei, esate baterako, azulejoak erori zitzaizkien».
Ur beroa baino gehiago
Orduko kroniketan kontu onak ere aipatzen ziren: «fatxada eta urbanizazioa erabat erakargarriak dira eta etxeek, beste hainbat xehetasunez gain, ur beroa eta hotza dituzte».
Portuko bizilagunek azpimarratu nahi izan dute, 50 urte pasa diren honetan «etxeek ur beroa eta hotza baino askoz ere balio haundiagoa duten zerbait badutela: etxeetan bertan bizi diren 250 bizilagunek dute benetazko balioa».