Hernaniko argazkizaleen foruma inauguratuko da bihar

Kronika - Erredakzioa 2008ko urr. 9a, 02:00

herRIKO eta inguruko argazkilari eta argazkirako afizioa duten herritarrek biltzeko gune bat izango dute bihartik aurrera, Photo Forum Hernani delakoa. Marisol Yaben proiektuaren koordinatzaileak azaldutakoaren arabera, gunea ezagutzak elkartrukatu nahi dituzten argazkilarientzako izango da: beren lana hobetu, irteerak egin, tailerretara joan eta lanak erakutsi nahi dituzten argazkilarientzat. Koordinatzaileak azaldu duenez, Hernanin eta inguruan badago «argazkilari harrobia eta asmoa da argazkilaritza bizi duten pertsonak elkartzea, lagun berriak egitea eta elkar ezagutzea». Bilera bihar, arratsaldeko 20:00etatik 21:30etara izango da, Biterin. Datorren astetik aurrera asteartero bilduko dira ordu eta leku berean. Foruma irekia da eta herriko eta inguruetako argazkirako afizioa duten pertsona guztiak daude gonbidatuta.

Gonbidatu berezia
Bihar forumaren inaugurazioan Antonio Valencia argazkilaria izango da bere argazkiak erakusten. Antonio Valenciak urteak daramazki mota ezberdinetako zomorroei argazkiak ateratzen eta bere lana erakutsiko du eta argazkiak nola egin dituen, intsektuei buruzko informazioa azaltzeaz gain.

Argazkilari elkartea
Gipuzkoan herri askotan dago argazkilarien elkartea, eta Hernanin ere sortzeko bidean da. Asmoa da forum honetatik elkartea sortzea pixkanaka, datorren urtetik aurrera. Elkarteak egoitza izatea ere nahi lukete.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!