Aspaldikoa zara Hernanin.
Bai, izatez Errioxakoa naiz baina aspalditik inguru hauetan nabil; Hernanin bizitu nintzen urte asko, eta Ttanttaka sortu genuen garaian, Biteriko antzerki eskolan aritu nintzen.
Urte asko daramazkizu beraz, antzerkian?
Urte asko, bai; 80garren hamarkadaz geroztik; batzuetan justu-justu, eta behar zenean, tabernan lan eginda; beste batzuetan zinean...
Zinean ere egin duzu lana?
Bai, zerbait egin dut Guillermo del Tororen El Laberinto del Faunon eta abar. Serietan ere parte hartu izan dut: Aída, Aquí no hay quien viva, Al filo de la ley eta Hermanos y detectives serietan.
Kortoren batean ere parte hartu duzu.
Bai, Gregorio Muroren Tras los visillosen; Hernaniko jende askok hartu du parte lan horretan.
‘El jefe de todo esto’ emango duzue gaur Hernanin.
Dagoeneko sarrera guztiak saldu dira, pena da jendea kalean geratzea. Obra bera, barrezkoa da; hasieran pertsonaiak aurkeztuko ditugu eta gero etorriko da istorioa. Barrezkoa da bai, absurdoa ere bai, baina era berean, errealitatetik gertu dago, jendea asko identifikatzen da pertsonaiekin.
Asteburuan Oporton izan gara, jaialdi batean, lana aurkezten eta jendeak barre asko egin du; hori ez zutenik den-dena ulertzen!
Pelikula batean oinarritua dago, ezta?
Lars von Trier-en El jefe de todo esto pelikulan oinarritua dago bai; baina antzerkirako moldatua.
Zergatik gomendatuko zenioke jendeari?
Nire lankideak oso onak direlako, ezin hobeto ari direlako... Gainera, antzerkira joan behar da, bestela, bukatu egingo da. Aukera ederra da barre egiteko; nik ikusten dut jendea barre egitera joaten dela antzerkira eta hau aukera ona da. Gu pozik geratzen gara jendea barrez ikusten badugu, pixar horrekin nahikoa izaten dugu.
Zein da zure papera antzezlanean?
Antzezlanean bi pertsonaia ditut; egurra hartzen da, baina ederra da; gainera bi pertsonaiak erabat desberdinak dira eta ederra da bi erregistrorekin jokatzea antzezlan berean.
Umorezko antzerkia egiten duzu beti?
Nik jeneralean bai; baina egia esan, gustura aldatuko nuke, eta drama eder bat egin. Baina normalean antzerkian umorea lantzen da gehien, jendeak ere hori ikusi nahi duelako.
Eta zer gertatzen da beste generoekin?
Nik ez dakit zein den arrazoia, baina hori da ikusten dudana; jendeak barre egin nahi du antzerkia ikusten duenean, ez du dramarik nahi... Beno, ni neu ere aspertu egiten naiz zenbait antzezlan ikusten... Beste kontu bat da, gainera orain aktore asko telebistan eta aritzen denez, jende asko aktoreak ikustera joaten dela, ez antzezlana bera.