Gobernu taldeak, onartu berri den Hilerriko Araudi berrian, puntu bat aldatzea proposatuko du hurrengo Ogasun Batzordean. Hain zuzen ere, proposatzen du «inor hilerrian bertan hilobiratu behar den kasuetan, bestela ere lurperatzaileak lanean behar duenez, kapera erabiltzeagatik ez kobratzea, eta bai ordea, hilerria eta lurperatzailea beste ezertarako behar ez den kasuetan kapera erabiltzeagatik».
Alkateak proposamenaren nondik norakoak azaldu ditu prentsa ohar baten bidez, eta proposamenaren arrazoiak argitu, hain zuzen ere, «Udalak atea ireki eta ixtera, eta gauzak antolatzera langile bat bidali beharko lukeenez, zerbitzu hori litzateke ordaintzen dena eta ez besterik».
Araudi berritua
Hilerria erabiltzeko araudia duela gutxi berritu dute eta helburuak honakoak ziren: «zaharkitua zegoen araudia eguneratu» eta «zehaztu zein diren Udalak ematen dituen zerbitzuak eta zenbat kobratzen duen zerbitzu horiengatik».
Herritarren eskaera
Araudia berritzekotan zirela, herritarren honako eskaria jaso zuten Udaletxean: «heriotza guztien ondorengo ekitaldiak erlijiosoak ez direnez, bestelako aukera egiten dutenek tokiren bat izatea azken agurra eman ahal izateko». Bi kontuak uztartu eta hilerriko kapera «egokitu eta eta era guztietako agurrak egiteko modura moldatzea erabaki genuen, erlijio ezberdinek zein agur zibilek tokia izan dezaten».
Kobratu edo ez kobratu
Kapera erabiltzeagatik kobratu edo ez kobratu izan zen hurrengo eztabaidagaia. Gaia Ogasun Batzordean eztabaidatu zen eta erabaki zen erabiltzaile guztiei berdin kobratzea, 60 euro hain zuzen. Ordutik hona ordea, «bat baino gehiago hurbildu zait kexu erabaki horrengatik» eta gaia berriro aztertzea erabaki zuten. Azkenean erabaki dute «agurra era batekoa edo bestekoa izan, soilik kobratzea Udalak bestelako zerbitzurik eskaini behar ez duenean, adibidez, bertan hilobiratu behar ez denean». Alkateak argi utzi nahi izan du beren hasierako asmoa ez zela «diru gehiago biltzea» baizik eta «zerbitzu baten erabilpenak koste bat dakarren neurrian, hau eskaintzeagatik kobratzea».
Moduaren araberako
ezberdintasunik ez
Alkateak prentsa oharrean azpimarratu duenez, ez zaie zuzena iruditzen «agurra emateko erabiltzen den moduaren arabera ezberdintasunik egitea». Hori izan omen zen hasierako proposamenaren arrazoia.