Gaurtik aurrera, ogia erosiz gero, telazko zorro bat opari

Kronika - Erredakzioa 2008ko urr. 5a, 02:00

GAUR hasiko da martxan San Markos Mankomunitateak okindegien bueltan antolatu duen kanpaina; Zurekin egunero kanpaina hain zuzen ere. Kanpainan parte hartzen duten dedentara joanez gero, gaurtik aurrera ogia erosterakoan, ogia sartzeko telazko poltsa bat emango dute. Parte hartzera animatu diren dendetan, kanpainaren kartela bat izango da herritarrek identifikatu ahal izateko. Kanpaina honetarako 60.000 poltsa banatu dituzte, Hernani, Astigarraga, Errenteria, Lasarte, Lezo, Oiartzun, Pasaia, Urnieta eta Usurbilgo dendetan.

Plastikozko poltsa eta paper gutxiago erabili
Ekimen honen helburua da, egunero ogiarekin banatzen diren paper eta plastiko poltsen erabilera gutxitzea. Horretarako herritarrek okindegian eskuratutako telazko poltsarekin joan behar dute ogia erostera. Ohitura hori bultzatu nahi da kanpaina honen bidez.

Arzak jatetxean bi afari
Herritarrak okindegian eskuratutako zorroa erabiltzen duten bakoitzean zozketa batean parte hartzeko boletoa eskuratuko dute. Saria ederra izango da: Arzak jatetxean bi lagunentzako afaria. Zozketa azaroaren 4an eta abenduaren 4an egingo dute, notario aurrean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!