TOMAS Hospitaletxe 1937an jaio zen Hernanin, oraindik askok Kaleras deitzen dioten Karobieta auzoan, gaur bizi den etxean bertan. Espainiako gerra zibilaren ondorengo urteak ez ziren batere oparoak, beraz, aita 1941ean Argentinara joan zen. Eta hark diru bat bildu zuenean, 1943an, gainontzeko familiakideak joan ziren, Tomas txikia barne. Buenos Aires inguruan jarri ziren bizitzen. «Bigarren Mundu Gerrako urteak ziren, eta Argentina ikaragarrizko dirutza jasotzen ari zen esportazioen kontura. Han denetik zegoen» esan digu Tomasek. Lanbidez iturgina izan da, baina beti egon da futbol munduari loturik; delegatu modura, entrenatzaile gisa C.A.Temperley-ko (Buenos Aires hiriburutik gertu dagoen hiri bat da Temperley) emakumeen taldean, eta batez ere, futbolari gazteen ojeadore bezala. 90eko hamarkadan Hernanira joan etorri batzuk egin zituen, baina definitiboki 2003.urtean geratu zen bizitzen. Entrenatzaile argentinarrek hizlari trebeen fama daukate. Halakoa da Tomas, hitzak ondo pentsatuta botatzen dituzten horietakoa. Hau da Kronikarekin izandako elkarrizketak emandakoa.
Futbolean jokatua
izango zara noski.
Argentinara joan aurretik, txikitan, jokatzen nuen futbolean lagunekin. Normalean etxe inguruan edo bestela Txantxillako kanpo santu zaharrean. Gero, Argentinan, beti baloian aritzen ginen. Dibertsiorako modu merkeena zen, baloi batekin hogei gaztetik gora ibiltzen baikinen. Hala ere, ez nuen inoiz futbol federatuan jokatu.
Futbola dibertsio merkea
dela aipatu duzu.
Kirol batean aritzeko behar diren bitartekoek garrantzi handia dute. Nire gazte garaian kotxea, mobila, dirua eta pasiatzeko neskaren bat izan banu, gutxiago gustatuko zitzaidan futbola. Baina ez zegoenez holakorik, futbolak eguneko ordu asko okupatzen zituen (parrez).
Europak, eta batez ere Euskadik, duen jokalari falta horregatik izan daiteke; dibertitzeko erraztasun eta baliabide gehiago daudelako eta komodidadea dagoelako. Zergatik bestela Ingalaterran, Frantzian edota Holandan jokalarien parte handi bat afrikarra da? Jokalari europarrek ez dute desabantailarik, baina bilatzen dutena da dibertitzea ahalik eta gutxien sakrifikatuta. Aldiz, afrikarrentzat askotan aterabide ekonomiko bakarra da futbola.
Entrenatzaile bezela hasi
zineneko garaietara egingo dugu salto. Nolatan hasi zinen?
Entrenatzaile lanak 30 urte ingururekin hasi nituen. Baina ez nintzen talde bateko entrenatzaile. Ez nengoen inongo ekipotan afiliatuta. Ikuskatzaile bezela hasi nintzen nire aldetik; inguruko auzoetako taldeen arteko futbol partiduak ikustera joaten nintzen, eta gustuko jokalari bat ikusten nuenean klub handiagoetara eramaten nituen proba egitera. Horrela, denboraldi batean jokalari galiziar bat eraman nuen Temperley taldera probatzera. Klubeko bigarren taldearekin jokatu zuen lehen partidua eta sekulako debuta egin zuen. Jokalaria fitxatu egin zuten eta niri Temperley-ko gaztetxoen talde bat zuzentzeko eskatu zidaten. Hala hasi nintzen entrenatzaile bezala. Eta klubaren barruan ojeadore bezala jarraitu nuen.
Temperley-ren lehen talderako garrantzitsua izan zen jokalariren bat lortu zenuela kontatu
didate. Zein?
Ezagunena atera dena Mariano Biondi izan da (ikusi koadroa). Gero, eztabaida batzuk izan nituen klubeko ordezkariekin eta utzi egin nuen.
Handik aurrera, laguntzaile izan nintzen behin edo behin, Biondiren entrenatzaile garaian, esaterako, baina ez nintzen inongo klubetan aritu.
Urte batzuk beranduago, entrenatzaile kurtsoa egin nuen eta emakumezkoen futbolean hasi nintzen. Temperley-ko neskak hartu nituen 1997an, Lehenengo Mailan.
Lehenengo Maila kategoria
altukoa izan ohi da. Zer oroitzapen duzu urte horretaz?
Urte oso polita izan zela gogoratzen dut. Liga ona burutu genuen. Lehenengo partidua irabazi egin genion Independienteri, eta Boca Juniors liderrarengandik oso puntu gutxira egon ginen sailkapenean denbora askoan. Hala ere, pattal xamar bukatu genuen, aurreko postuetatik nahiko urruti.
Handik urte gutxira, emakumezkoen ligak beherakada handia izan zuen; baliabide asko behar ziren eta diru falta handia zegoen. Eta azkenean, egitura osoa erori zen. Hortaz aparte, ni Hernanira etortzen hasia nintzen, eta orduan beste pertsona bat jarri zuten nire tokian. Ni aholkulari bezela geratu nintzen hasieran eta gero utzi egin nuen.
Orain Erregionaleko 2.mailako mutilen taldea zuzentzen ari
zara Hernanin. Nolatan iritsi
zara horra?
Egia esan, niri lagun batek galdetu zidan ea gazte hauen taldea hartu nahi nuen. C.D.Hernaniren bigarren taldea sortu nahi zutela eta, entrenatzailea falta zutenez, baietz esan nien. Gazteei fabore bat egiteagatik gehienbat. Bestela, seguruenik ez nuen hartuko; talde honek ez du pisurik klubean, jokalariak falta zaizkigu eta abar. Hala ere, talde majoa da, nahiz eta oraingoz emaitza nahiko txarrak izan ditugun.
Gainera, laguntzaile daukadan mutila, Gorka Imaz, oso gogotsu ikusten dut eta taldea pixkanaka bere esku uztea pentsatzen dut.
Komentatu itzazu hemengo eta Argentinako futbolaren arteko pare bat desberdintasun.
Batetik, Argentinan jokalari gazte pila bat daude inongo taldetan afiliatu gabe. Hemen ez. Niri asko gustatzen zitzaidan kalean zebiltzan jokalari horiek ikustea. Jokalari onen bila aritzen nintzen eta aurkitzen nuenean, talde ezberdinekin hitz egin eta proba egiten genuen.
Bestetik, ez dauka jokoarekin loturarik baina, hemen futbolerako instalazio hobeak daude Argentinan baino. Hala ere, han bentaja bat daukate; lurrak askoz ere zabalagoak dira eta nahi adina futbol zelai dauzkagu. Txarrak akaso, baina asko. Hemen zelai falta nabaria da. Askotan, ez da posible izaten entrenamendu bat 20 minutuz luzatzea, beste talde bat entrenatzeko zain dagoelako. Edo, zelai erdi bat bakarrik izaten dugu, bi taldek denbora berean entrenatu dezaten.
Bukatzeko, zerbait gehiago
aipatu nahi duzu?
Bai. Nik beti bizi izan dudala futbola pasio handiz. Eta kalean baloian ari den ume batek filigrana bat egiten badu, beste ordu erdi geratzen naiz, ume horrek beste horrelako bat egiten duen ala ez ikusteko. Hori da benetan gustatzen zaidana.
------------------------------------------------------------------------------------------------
Mariano Biondi
ERDILARI argentinar ezagun hau Tomasek eraman zuen C.A.Temperley-ra proba egitera gaztea zela. Hernaniarrak kluba utzi zuenean, Biondik ez zuen ia jokatu ere egin eta taldea uztekotan egon zen. Baina Temperley-ko entrenatzailea aldatu zutenean Mariano Biondik sekulako garrantzia hartu zuen taldean. Are gehiago, 1974an Argentinako Lehenengo Mailara igo zen Temperley-ko taldearen liderra izan zen.
Geroago, C.A.Independientek fitxatu zuen eta talde honekin Argentinako liga irabazi zuen 1978an. Segidan, San Lorenzo de Almagro eta Tigre taldeetan jokatu zuen eta bere futbol ibilbidea Ekuadorren bukatu zuen.
Jokatzeari utzita, entrenatzaile hasi zen. 1994/95 denboraldian Lehenengo `c` mailan zegoen Temperley hartu zuen (klubak bi maila galdu zituen kriebra jo zuelako) eta laguntzaile bezela Tomas Hospitaletxe jarri zen. Urte hartan bertan igo zuen taldea Lehen Maila `b`-ra.
(Elkarrizketa: Ekhi Zubiria Etxeberria).