MENDIRIZ Mendik oraingoan hain ezaguna ez den Palentzia ingurua ezagutzeko aukera emango digu. Pico Murcia mendia Fuentes Carriona y Fuentes Cobre parke naturalaren barruan aurkitzen da. Oso paraje lasaia da eta bertara hurbiltzeko motibo ugari ditu. Mendiriz Mendiko kideek asteburu honetan zuten bidaia egitekoa.
Nola iritsi
Burgosetik Aguilar del Campo herrira joan behar da N-627 errepidea jarraituz eta bertatik Cervera de Pisuergara (P-212). Hemendik aurrera parke naturaleko eremuetan ibiliko gara. Herria zeharkatu eta Cerverako urtegi aldera jo behar da. Ventanilla herrixka pasa eta Triollo herrixkara iritsi behar da. Bertan dagoen urtegiaren ertzetik Cardaño de Abajo herrira joan behar da eta hortik berehala dago Cardaño de Arriba.
Ibilbidearen deskripzioa
Cardaño de Arribako aparkalekutik irteten da ibilbidea eta Espigüete aterpe albotik pasatzen den bidexka hartu behar da. Berehala iturri bat eta pixka bat aurrerago zubi bat aurkituko ditugu. Zubia gurutzatzerakoan ezkerrera jo behar da eta erreka jarraitu.
Ordu bat beranduago, Pico Murciaren oinarrira iritsiko gara. Hemen eskuinera jotzen duen bidexka jarraitu behar da. Gorago bideak ezkerrerantz jotzen du eta beste ordu batean lepo batera iritsiko gara. Azken malda igotzea geratzen da bakarrik, lepotik 20 minutura goian gara. Gailurrean burdinazko gurutze bat eta buzoia daude, paisaia ikusgarria da, parke naturaleko mendi guztiak ikusten baitira. Atzean Picos de Europako mendiak, Peña Prietako mendikatea eta inguruko mendi ikusgarrienak: Curavacas, Espigüete eta Pico Tres Provincias.
Jaitsieraren lehenengo zatia, igo garen bide berdinetik egiten da eta lepora iritsitakoan bi aukera ditugu: Lehena zuzen jarraitzea da, Peña del Castillora eta iristerakoan gure azpian ikusiko dugu Cardaño de Arriba. Herria erreferentzi modura hartuta bidexka argirik gabeko jaitsierari ekin behar zaio; Bigarren aukera eskuinera jotzea da eta beste gailur lerro bat hartzea da. Hemendik jaitsiera erosoagoa da, baina herritik kilometro pare batetara aterako gara.
Kontu interesgarriak
Palentziako mendiak ez dira ezagunak hemengo mendizaleentzat. Mendi hauek nahiko urrun geratzen dira eta mendebaldera jotzen dutenek normalean Picos de Europa mendikateak dituen mendi ikusgarrietara joaten dira.
Mendiriz Mendi elkarteak badaramatza urte batzuk inguru hauetako mendietara irtenaldiak antolatzen. Inguruan badira zailtasun handiagoko eta ikusgarriagoko mendiak, elurrarekin batez ere, Espigüete, Curavacas y Peña Prieta adibidez. Paraje hau oso lasaia da, jende gutxi ibiltzen da eta baditu bertara hurbiltzeko motibo ugari.
Inguru hauetan hartza bizi da. Ipar isurian hartza bi eremutan banatzen da. Lehena, mendebaldean, Asturias eta Leon bitartean, eta bigarrena Palentzia eta Kantabria probintzien artean. Mendebaldeko populazioa ugariagoa da eta 100 hartz inguru ditu. Palentziako mendietan bizi den populazioa txikiagoa da, 25 hartz inguru, eta arazo larriak ditu iraun ahal izateko; alde batetik konsangeinitatea eta bestetik ehiza dira zailtasun horren arrazoi nagusiak. Inguru hauetan basurdea eta oreina ehizatzeko aukera dago eta horrek hartzari kalte handia egiten dio, janari aukerak gutxitzen dizkio eta. Azken hamarkada honetan zortzi hartz aurkitu dira hilik mendi hauetan.