«Alderdien ilegalizazio estrategia antzua eta antidemokratikoa» dela salatu zuten udaletxean egindako itxialdian

Kronika - Erredakzioa 2008ko urr. 5a, 02:00

ITXIALDIA izan da udaletxean, EAE-ANV eta EHAK alderdiak ilegalizatu dituztela eta «alderdien ilegalizazioa estrategia antzua eta antidemokratikoa» salatzeko. Ostiral iluntzetik larunbat eguerdira bitartean, hainbat hautetsi eta herritar bildu ziren udaletxeko areto nagusian, egungo egoera politikoaren inguruan hausnarketa egiteko. Itxialdia, atzo eguerdian bukatu zen, Plaza Berrin egindako kontzentrazioarekin.

Aukera berdintasuna
Itxialdiarekin aldarrikatu nahi izan dute «indar politiko guztiek Euskal Herriko bizitza politiko-sozialean parte hartzeko aukera berdinak» izan behar dituztela. Horrekin batera azpimarratu nahi izan dute «horrelako neurriek ez dutela normaltasun politikoa ekarriko, alderantziz, gatazka politikoa elikatzen» dutela. Garbi utzi nahi izan dute ez diotela zilegitasunik aitortzen «herritarren borondateari muzin egin eta bestelako errealitate bat inposatu nahi duten lege, epai edo erabakiei». Lan egiteko beharra ere ikusten dute «euskal gizarteak premiazkoa duen benetako aldaketa politikoaren alde».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!