UDAZKENAREKIN batera iritsi da aurten ere antzerki zikloa Hernanira. Astelehenetik ostiralera bost antzerki obra ikusteko aukera izango da, eta datorren asteetan beste obrak ere izango dira haurrentzat. Aniztasuna da aurtengo antzerki zikloko ezaugarrietako bat. Ezker eskuma antzezlanarekin hasiko da zikloa, astelehenean, bi bizilagunen eguneroko bizimodua aurrez aurre jarriko duen obrarekin. Asteartean Va de bromas obraren txanda izango da eta bertan bi autore klasikoren obrak antzeztuko dituzte: Ionesco eta Dario Foren obrak, hain zuzen. Astezkenean, El jefe de Todo Esto antzezlana ikusteko aukera izango da, Lars Von Trierrek zinerako egin zuen komedian oinarritutako obra. Bertan Oscar Terol eta Elena Irureta bezalako aktore ezagunek antzeztuko dute. Ostegunean Putzuak lehortzen antzezlana izango da, Ander Lipus eta Maite Agirre protagonista dituen antzezlana; maitasunari buruzko antzezlana. Ostiralean Verdini dantza taldea izango da nagusi, Argira obrarekin, Biteriko areto nagusian. Behar bereziak dituzten pertsonak izango dira obra honetako protagonistak. Verdini dantza taldeak aldarrikatu nahi du pertsona guztiek dituztela berezko balioak. Balio hauek garatu daitezke, mugarik jartzen ez bada eta aukera ematen bada. Antzezlan guztiak 20:00etan hasiko dira.
Haurrentzako
beste bi antzerki
Datorren asteetan haurrentzako beste bi antzerki izango dira. Urriaren 18an Magia ikaslea teilatuan antzezlana izango da, eguerdiko 12:00etan. Urriaren 25ean Igandean piratek jai obra ikusteko aukera izango da, goizeko 11:00etan.
Sarrerak salgai
Joan den astean jarri zituzten antzerki emanaldietarako sarrerak salgai, Biterin. Jakinarazi dutenez oraindik ere badaude sarrerak emanaldi guztietarako. Asteazkeneko obrarako saldu dira sarrera gehien. Sarrerek 3,50 euro balio dute helduentzat; eta haurrentzat 1,50 euro. Urriaren 18ko emanaldia debalde da.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------
Bost antzezlan
URRIAK 6, astelehena:
‘EZKER ESKUMA’
Rosa eta Sara eraikin berean bizi diren emakumeak dira. Rosa bere senarrarekin bizi da eta bere hizketako gaiak sukaldea eta janaria izaten dira. Sara bakarrik bizi da eta internetez gain ez du beste inolako motibaziorik bizitzan. Biak errealitate eta bizitza zeharo desberdinak bizi dituzte, baina solairu berean bizi dira, bata ezkerrean eta bestea eskuinean.
Glu Glu Producciones. Zuzendaria: Ane Gabarain, Aizpea Goenaga. Antzezleak: Loli Astoreka eta Iñake Irastorza. Hizkuntza: euskera.
URRIAK 7, asteartea:
‘VA DE BROMAS’
XXgarren mendeko autore garrantzitsuak izango dira obra honetako protagonistak: Ionesco eta Dario Fo. Antzezlanean autore hauen obraz hitz egingo da eta baita zenbait obra antzeztu ere. Esate baterako El Maestro izeneko obra antzeztuko da, Ionescorena. No hay ladron que por bien no venga Dario Foren obra antzeztuko da.
Teatro estudio. Zuzendaria: Manolo Gomez. Antzezleak: Fernando Mikelajauregi, Jose Luis Torres, Eva Rodriguez, Angel Maria Sanchez, Karmele Alza, Manolo Gomez, Mercedes Galiana eta Esther Remiro. Hizkuntza: gaztelera.
URRIAK 8, asteazkena:
‘EL JEFE DE TODO ESTO’
Raul izeneko nagusiak bere enpresa saldu nahi dio Alemaniako enpresari garrantzitsu bati. Hori dela eta sei langile kaleratu beharko ditu. Kontua da enpresako nagusiak urtetan nagusia bera dela izkutatu duela, eta irudimenezko jefe bat asmatu duela, oso erosoak ez diren erabakiak hartu behar dituenerako. Raulentzako oso erosoa da asmatutako jefearen irudia erabiltzea, baina egoera aldatu egingo da Alemaniako nagusiak esaten dioenean nagusia ezagutu nahi duela. Raulek paroan dagoen aktorea kontratatuko du nagusiarena egiteko, eta orduan hasiko dira komeriak.
Ados teatroa. Zuzendaria: Garbi Losada. Antzezleak: Josean Bengoetxea, Carlos Nguema, Oscar Terol, Elena Irureta, Koldo Losada, Mila Espiga eta Santiago Sueiras . Hizkuntza: gaztelera.
URRIAK 9, osteguna:
‘PUTZUAK LEHORTZEN’
Maitasunari buruzko ikuskizuna da. Protagonistarentzat, Ramonarentzat, maitasuna eta bizitza gauza bera dira. Hau da, maitatzea, bizitzea erabakitzen den unea da, eta une hartantxe berreskuratzen da askatasuna eta zoriontasuna. Horregatik Ramonak eskatuko dio Ramoni ausarta izateko eta gaztaroan izandako ametsaren alde elkarrekin borrokatzeko.
Agerre Teatroa Taldea. Zuzendaria: Garbi Losada. Antzezleak: Ander Lipus eta Maitane Aguirre . Hizkuntza: euskara.
URRIAK 10, ostirala:
‘ARGIRA’
Argira ikuskizuna ipuin batean oinarrituta dago eta ezintasunak dituzten pertsonei askatasun osoz garatzeko aukera ematen dien gizarte bat sortzea du amets.
Verdini Dantza Taldea. Zuzendaritza eta koreografia: Isabel Verdini. Dantzariak: Olaia Goikoetxea, Nerea Astarbe, Marta Garmendia, Nora Azaldegi, Nekane Prieto, Haizea Sedon, Maria San Sebastian, Ainhoa Andres, Iker Leizaola, Maria Herrero, Irati Alonso, Ana Alvarez eta Isabel Verdini.