Makina bat artixta elkartuko dira gaur Urbieta kalean, beren onenak ematen

Kronika - Erredakzioa 2008ko urr. 4a, 02:00

Artixten II Topaketa izango da gaur Hernanin. Bertan herriko eta inguruko artixtak elkartuko dira: musika jartzaileak, margolariak, dantzariak eta abar. Urbietan kalean ariko dira eguerdiko 12:00etatik aurrera, iluntzera arte, kalea bere eginda.


Urbieta kalea itxita
11:00etatik aurrera Urbieta kalea itxita egongo da eta artixtek bere luze- zabalean hartuko dute, hori baita besteak beste, topaketa honen helburuetako bat, Aritz Usandizaga antolatzailearen esanetan, «kalea berreskuratzea, gaur egun dena areto itxietan egiten baita».


Sound System gunea kioskoan
Sound System gunea Karobieta parkearen pareko kioskoan egongo da. Bertan txalapartariak eta DJak izango dira reggae-a, rapa eta txalaparta eta abar konbinatuz. Arratsaldeko 18:00etan break dantza erakustaldia izango da eta jarraian abeslarien tartea; besteak beste, rapa abesten duten Paula eta Duran; ondoren, reggae sound systema eskainiko du Black Jiko-k.


Gorputz margoketa, graffitiak, pitxiak...
Egun osoan zehar Urbieta kalean sakabanatuta ez ohikoak diren artixten lanak ikusteko aukera izango da; eguerdian, 14:00etatik aurrera, giza gorputza margotzen duten Portu auzoko bi artixta ikusteko aukera izango da, graffiti egileak, buztin polimerikoarekin egindako pitxiak eta bestelako margolanak. Umeek ere izango dute beren sormena landu eta erakusteko tartea, gune bat izango baitute propio beraientzat prestatua. Eszenatoki txikia baina musika asko Kalearen bukaera aldera beste eszenatoki bat izango da eta bertan Julen Cobos eta Andoni Tolosa kantautoreak ariko dira. Arratsaldean, 17:00etatik aurrera, berriz ere, DJen tartea hasiko da, beraz, dantza egin nahi duenak aukera izango du iluntzera arte, house, disko, pop eta musika elketronikoarekin. Topagune irekia Topagunearen helburu dira, besteak beste, artixta berriei gune egokia eskaintzea eta artearen munduan dabilen jendea elkartzea, beraz, erabat irekia da eta edozein artixta dago gonbidatua, «irekia da oso» antolatzailearen esanetan. Antolatzaileak ezaugarri hau azpimarratu nahi izan du, «normalean, edozein jaialditan antolatzaileek erabakitzen baitute nork hartuko duen parte eta nork ez; hemen berriz ez, nahi duena libre da parte hartzeko».


Artixtak eta artistak
‘Artixten Topaketa’ deitu diote ‘artixtek’ bai baitituzte ezaugarriak artistek ez dituztenak, esate baterako, «parte hartzen duena ez da profesionala normalean, ezezaguna izaten da eta espazio baten beharra izaten du bere lana erakusteko».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!